Andres Osa «Sakona» Filosofian eta Pedagogian lizentziaduna
Eskolari eraso beldurgarria
«Bizikidetza demokratikoa eta bortizkeriaren gaitzespena» izen horrekin Jaurlaritzak eskoletara plazaratzeko duen egitasmoa dela-eta, labur bederen, ebidentzia bat plazaratu nahi nuke, betiere, hedabideetan ikusitakoaren arabera. Gai honi buruz agertu diren zenbait eztabaida alboan lagako ditut. Izan ere, ebidentzia izanik arrazoinamendu berezirik ez baitu behar.
Eztabaidatu liteke egitasmo horrek doktrinamendu karga handia duela. Goitik behera behekoei jaramonik egin gabe datorrela eta, ondorioz, eskola komunitatearen parte-hartzea eskasa izan dela. Hezkuntza alorrean adostasunik aurkitu ezak dakarren inposaketa usaina antzematen da. Eskolan edo ikastolan pedagogikoki azaltzeko dituen zailtasunak gaindiezinak izan litezke. Biktima kontuan alde bateko eta klase bateko biktimak soilik kontenplatzen dituen egitasmoa omen da. Egitasmo ideologizatua eta partidarioaren tankera entzun izan da, ozenki entzun ere. Mendeku kutsua aurkitu diote. Galdera hauetaz guztiez eta beste hainbesteri buruz debate luzeak burutu litezke. Baina ebidentzia bada, begi-bistan dagoena, zertarako denbora pasatu eta nahasmen gehiago sortu?
Egun, Euskal Herriak bizi duen egoeran, plangintza hori eskoletara eramateak zer suposatzen duen ohartzen al gara? Jabetzen al gara zer egiten ari garen? ETAren biktimek soilik izango omen dute hitza ikasle mordo baten aurrean. Kontziente al gara egoeraren testuingurua zein den?: atxiloketak, direnak eta ez direnak; torturak Estatuak gure izenean eginak, animalia basatienak ere egiten ez duena; hilketak, kartzelak, etengabeko errepresioa, oinarri-oinarrizko eskubideen zanpaketa eta beste hainbat sufrimendu, alde batekoak zein bestekoak, eta hori guztia gordin-gordinean, zauriek bizi-bizirik dirautelarik, tankera honetako egitasmoa planteatzea ez al da guztiz irrazionala? Imajina dezagun zer-nolako egoerak sor daitezkeen ikastetxe barruan eta kanpoan. Ikasleen artean, ikasle eta irakasleen artean, irakasleen artean, irakasle eta zuzendaritzaren artean, ikasle, irakasle, zuzendaritza, eskola batzorde, gurasoen eta senitartekoen artean. Plangintza hori praktikan jartzen bada, hezkuntzaren inguruan ez ezik, gizartean ere sor daitezkeen gatazkari, borrokari eta gorrotoari nork jarriko die hesia? Ura joanda, alferrekoa da presa egitea.
Goian aipatu ditugun galderak hor daude, baina egia gordina begi bistan, sudurraren aurrean izanik, eztabaidak ez du zentzurik? Egitasmo honen egileek zer uste dute ba, Euskal Herrian konfliktoa gaindituta dagoela? Eta ez balego ere, balio al du jokabide horrek? Konfliktoak bere horretan jarraitzen du eta eskolan ikusiezina, gorrotoa eta egonezina sortzeak nora garamatza? Suari erregai gehiago bota behar al diogu, ba? Zer eskizofrenia sartu da?
Isabel Celaak tamaina honetako gauzarik egin dezakeenik ezin dut sinetsi. Hezkuntza alorrean sartuta edo karguduna izan den eta den pertsonak ezin du horrelakorik egin. Beste zerbait egon behar du horren atzean. Entzun izan dut katedradun jendea ere aholkulari lanetan aritu dela. A zelako nibela! Pozoidun Plangintza hau eskola mundura eramaten bada, gizarte osoarentzat pozoigarria bihurtuko da eta, zoritxarrez, hedabideentzat eguneroko elikagaia. Homo homini lupus, hots, gizona gizonarentzat otso.