GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Amaia FONTANG LABeko kidea

LAB: Ipar Euskal Herrian duela 10 urte sortua

Bi urteko harreman eta gogoeten ondotik, duela 10 urte, 2000ko apirilean, 80 jende baino gehiagok LAB sortzea erabaki zuten. Argi eta garbi zen problematika soziala eta askapen nazionalerako problematika bereizi ezinak zirela.

Hamar urte hauetan, sindikatuko lagunekin, lanean artoski ari gara hautu hori aurrera eramateko... hautu hau erranaldi batean laburbil dezakegu: «tokian ekin, orokorrean pentsa, bestelako sindikalismo alternatibo baten alde».

Gure borroka eremu naturala Euskal Herri osoa da. Gure herriaren behar espezifikoek erantzun espezifikoak behar dituzte. Horri begira, LABek eremu sozio-ekonomiko baten beharra aldarrikatzen du: Euskal Herriarentzat analisia, eztabaida eta erabaki gunea. Ber denboran, gure desmartxa nazioartean ere kokatzen da. Langileen arteko elkartasuna, beste herriekin batera sistema kapitalistaren ordez sistema alternatiboak martxan ematea ere gure helburuetan da. Sindikalismoaren muga ez da lantegiaren atarian bukatzen. Lantegian eramaten diren borrokez gain, LAB karrikan, kolektibo bateratuetan, nazio arteko ekintzetan ere bada.

Multinazional eta MEDEF legearen aurka mobilizatu gara eta mobilizatzen segitzen dugu. Halaber, lan arautegiaren desbideraketaren eta lan munduan gero eta handiago den prekarietatearen aurka. Baita hitzarmen konstituzionalaren aurka ere, paperik gabekoen alde eta bazterketa sexisten kontra.

Gure lana ez da erraza izan: frantses sindikatuetako zuzendaritza batzuengandik bazterketa eta mespretxua jasan izan behar dugu eta oraindik jasaten dugu.

Gaur, 10 urteren buruan, ondorioak hor ditugu : 500 kide, 3.000 boz baino gehiago lan auzitegietarako (Prud'hommes) hauteskundeetan. Gaur, LAB Euskal Herriko arlo sindikaletik kanpo utziezina da. Gero eta langile gehiago gure permanentzietara hurbiltzen da edo guregana datoz lantegiko sekzioetan, karrikan edo ekintzetan.

Beraz, hitzordua emana da: gaur, Maiatzaren Lehena, denok Hazparnera, mobilizazio eta festa egunera hurbildu behar dugu, gure sindikatuaren 10 urteak behar den bezala ospatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo