«Finaletik norgehiagoka batera gaude, eta zaleei ezin diegu hutsik egin»
Biarritzeko jokalaria
Takudzwa Ngwenya Biarritz taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Orain dela 25 urte jaio zen Zimbawen, baina gaztetxoa zela joan zen Ameriketako Estatu Batuetara eta hango naziotasuna dauka, eta hango selekzioan ere jokatzen du. Aurretik futbol amerikarrean ibilitakoa da, eta bere abiadurak aurkariak lur jota uzten ditu. Bera, biharko partidarako jokalari garrantzitsua izango da.
Jon LEUNDA
Ngwenyak bihar zer egiten duen garrantzitsua izango da Biarritzentzat. Berak bere maila ematen badu, entseguak lortzeko aukera asko izango ditu talde lapurtarrak. Afrikarra ere ilusio handiarekin dago, lehen aldiz jokatuko baitu Europako Kopako finalerdi bat.
Nola bizi duzu Heineken Kopako zure lehen finalerdiaren atarikoa?
Sekulako ilusioarekin. Aurretik Biarritz jokatuta zegoen, baina ni etorri nintzenetik ez dugu horretarako aukerarik izan, eta nik ikaragarrizko gogoak ditut. Aurten, gainera, finala Parisen da, eta horrek berak ere motibazioa gehitu egiten du.
Anoetan jokatu zenuen azkeneko partidan gutxitan ikusten diren entsegu horietakoa lortu zenuen. Munsterren aurka aukera gutxiago izango dira ezta?
Bai, seguruenik ere, baina ni saiatuko naiz. Zenbat eta gauza zailagoa izan aurrean, orduan eta indar handiagoa izaten dut, eta ni neurea egiten saiatuko naiz. Kontua da, ordea, denok dakigula aurkariak nola jokatzen duen, eta saiatuko dira ni gelditzen. Niri abiadura kentzen badidate, akabo nire aukerak. Biarritzera etorri aurretik urte gutxi neraman errugbian jokatzen, aurretik futbol amerikarrean ibili bainintzen, eta abiadura da nire jokoa. Orain Biarritzen asko ikasi dut, bai baloia eskura jokatzen, hankekin jokatzen, baita defentsan ere.
Denek diote Munster dela faborito. Horrek presioa kentzen al dizue?
Ez, batere ez. Azkenean Europako kopako finalerdi bat da hau, eta finala jokatzetik partida batera gaude, eta horrek berak ematen dizu presioa. Guretzat ere oso partida garrantzitsua da hau, aurrez aipatu bezala finala Parisen baita eta zerbait handia egin dezakegula uste baitugu, eta geure zaleei ezin diegu hutsik egin.
Beraiek faborito izan arren, kanporaketa partida batera izateak eta hori zuen zelaian jokatzeak, gauzak orekatu behar lituzke ezta?
Ez izan dudarik horretan. Kanporaketa partida batera denean edozer gerta daiteke. Aurreko kanporaketan ere gu ez ginen faboritoak, baina irabazi egin genuen. Gero etxean jokatzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Seguru, Munsterrek ere nahiago zukeela partida hau beren zelaian jokatzea.
Nola jokatu behar da Munsterri irabazteko?
Ez da erraza. Garbi daukagu talde lan handia egin behar dela, burua hotz izan, eta hegaletan dugun abiaduraz baliatzea ere garrantzitsua izango da. Gero, haiek hankarekin oso ongi jokatzen dute, eta garrantzitsua izango da zigor gutxi egitea. Gauza bat da, ordea, aurretik pentsatzea eta gero zelaian hori dena ongi egitea, baina gu saiatuko gara.
Aurten jokatu duzu zuk lehen aldiz Anoetan. Zer iruditu zaizu?
Ikaragarria. Sekulako giroa egon zen, ez dut inoiz halako giroarekin errugbian jokatu. Biharkoan ere garrantzitsua izango da hori.