GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Ohorezko maila

Ordiziak eta Bera Berak azkeneko aukera dute

p037_f02_61917.jpg

J.L.

Amaitzera doa Ohorezko Maila, eta badirudi euskal talderen batek maila galdu behar duela. Bi jaisten dira eta orain bakarra dago jokoan, Les Abellesek maila jadanik galduta baitu.

Jaisteko geratzen den postu hori ekiditeko asmoarekin Ampo Ordizia, Pegamo Bera Bera eta Santboiana ari dira. Okerren, dudarik gabe, Bera Berak dauka, izan ere, beste taldeen menpe baitago. Irabazita ere, beste biek galdu egin beharko dute, bestela alferrikakoa izango baita garaipena.

Ampo Ordiziak gaur jokatzen du 16.00etatik aurrera, Sevillan, Cajasolen aurka. Goierritarrek garaipena erdiesten badute, ez dute bihar zer gertatzen den begira egon beharko.

Ampo Ordiziak, ordea, etxetik kanpo ez du batere denboraldi ona egin, eta dagoen lekuan baldin badago, horregatik izan da. Etxean bikain aritu izan da, baina Altamiratik irtendakoan emaitzak oso txarrak izan dira gehienetan, eta horrek zaleei zalantzak sortzen dizkie oraindik.

Partida hau, ordea, berezia da, eta badakite garaipena lortuta mailari eutsi egingo diotela, eta aurrean duen taldeak ez duela ezer jokoan. Gainera, Ordizia aldean mugimendu handia izango da, eta zale ugari izango dira bertan talde goierritarra animatzeko asmoarekin, eta mailari eusteko eta denen artean ospatzeko itxaropena dute.

Bihar, berriz, 12.30etik aurrera errugbi festa izango da Anoetako estadio txikian. Biarritzen eta Munsterren partida nahikoa ez-eta euskal derbia jokatuko da, eta bertan Bera Berak mailari eustea izango du jokoan.

Donostiarrei garaipenak balio die, eta bere aurkariek galtzea. Ordurako jakingo dute Ordiziak zer egin duen. Gernikak, berriz, pasa den astean lortu zuen mailari eusteko txartela, eta ez du ezer jokoan izango, eta horri Bera Berak daraman norabide ona ikusita gehituz gero, badirudi puntuak Donostian geratu beharko luketela. Euskaldunen beste aurkaria Santboiana izango da, eta hauek kanpoan jokatuko dute, Les Abelles ahularen zelaian. Valentziarrek ez dute ezer jokoan, maila galdu baitaude, eta ez dirudi kataluniarrek hutsik egingo dutenik.

Emakumezkoetan, Top 10eko azken jardunaldia jokatuko da. ASB Baionako taldeak bere partida irabazi egin behar du, eta beste taldeen emaitzen zain egon mailari eusteko. Baionarrak bihar 15.00etatik aurrera Lilleren azken sailkatuaren zelaian arituko dira. Jadanik maila galduta du Lillek, eta baionarrek irabazteko moduko neurketa izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo