GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Angeluko Torneoa

Egungo onenek distira emango diote lehiaketari

Waltari eta Etxeto, Binakako txapeldun berriak, izango dira faborito nagusiak.

Jon LEUNDA

Datorren ostiralean abiatuko da Binakako Angeluko Torneoa, eta maiatzaren 12an finituko da. Bertan, egungo pilotaririk onenak lehiatuko dira. Binakako Txapelketako azkeneko bi garaileak ere bertan izango dira, lehian arituko baitira bai Waltari-Etxeto, eta bai Ibarrola-Ozafrain.

Torneoa datorren ostiralean hasiko da 19.00etatik aitzinera, bi finalerdiekin. Lehen partidan Etxeberri eta Harizmendi Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka lehiatuko dira. Hauek izan ziren Binakako Txapelketako 2008ko eta 2009ko txapeldunak.

Jarraian, Waltari eta Etxeto Sorhueten eta Ezkurraren aurka lehiatuko dira. Kubatarra eta Etxeto dira egungo Binakako txapeldunak, eta pasa den larunbatean Baionan lortutako garaipenaz geroztik hantxe berragertuko dira. Bi partida hauetako garaileak finala izango dute maiatzaren 12an.

Txapelketa honetako bigarren finalerdiak oso itxura erakargarria hartu du, Waltari eta Sorhuet, pasa den larunbateko finaleko bi aurrelariak, berriro ere elkarren aurka izango baitira, eta aldi berean, kubatarrak Ezkurraren aurka ere jokatu beharko du, egungo bi onenak. Urruñarra Sorhuetekin arituko da. Donibane Garaziko Torneoan, berriz, final-laurdenak izango dira astelehenean, 17.00etatik aitzina, Garat trinketean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo