GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ipar Euskal Herriko LAB, hamar urteko ibilbide neketsu baina emankorra

Zenbakiek Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuaren goranzko bilakaera ukaezina erakusten dute. Duela hamar urte 80 lagun inguruk sortu zuten sindikatua Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan. Egun, hain zuzen Maiatzaren Lehena den honetan urteurrena ospatzen duelarik, 500 afiliatu ditu. Zenbaki hutsak dira, baina lan eskergaren erakusgarri, eta sindikatu abertzaleak zer baldintzatan, zenbat oztopori buru egin behar izan dion kontuan izanik, balio handiagoa dutenak. Izan ere, sindikalgintza eredu berria aldarrikatu zuen, tokiko arazo eta beharrei erantzunen ziena, baina sindikatu frantsesen bazterketa eta kriminalizazioa jasan zuen. Alta, oztopo guztiak gaindituz joan zen. Diskurtso berriaz gain, lan egiteko modu berria, diskurtso horrekin koherentea, agertu zuen, eta sinesgarritasuna irabazi zuen. Ondoren, berriz, langile anitzen sostengua: lan auzitegietarako hauteskundeetan 3.000 boto eskuratu zituen. Zenbaki hutsak dirudite, baina haien atzean ilusio eta, batez ere, lan handia dago; sindikatuko ordezkariek GARAk egindako elkarrizketan diotenez, xinaurri lana. Hamar urteko lan etengabea, setatia. Eta, bistan da, ongi egina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo