GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai giro bete-betea dute Andoainen Santa Krutz egunaren atarikoetan

Iritsi dira Andoaingo santakrutzak. Behin pregoia irakurrita, festa giroan buru-belarri sartu dira haur, gazte zein helduak. Astelehenekoa izango da Santa Krutz egun handia, baina ezin da ahaztu biharko Koadrilen Eguna, aurten 12. aldiz egingo dutena. Gaur, besteak beste, goizean goiz XXXII. Herri Krosa izango da, kantu kalejira eguerdian eta danborrada gauean. Bihar eta etzi ere izango dute festarako aukerarik, Koadrilen Eguna eta Santa Krutz eguna datoz-eta.

p017_f02.jpg

GARA |

Atzo eman zieten hasiera Andoainen urteko lehen jaiei, santakrutzei. Aurten ere ohiko ekitaldiak izango dituzte herriko festetan, hala nola kirol saioak, umeei zuzendurikoak, herritarrek parte hartzeko jarduerak eta Santa Krutz eguneko ekitaldi instituzionalak.

Atzokoan, zehazki, haurrak izan ziren jaiei hasiera emateaz arduratu zirenak, Zumea plazan arratsaldez egin zuten pregoi irakurtzearekin. Gauean, berriz, pregoi nagusiaren txanda izan zen. Irunberri elkartearen atarian irakurri zuten jaiei hasiera emateko pregoia eta, aurtengoan, Andoaingo alkate ohi Joxean Barandiaran arduratu zen horretaz. Behin txupina jaurtita, goizalderaino luzatu zen festa.

Atzoko eta gaurko egunaz gain, bihar, igandea, Koadrilen Eguna izango da, eta astelehena, jaietako egun handia, Santa Krutz eguna. 2010eko Santa Krutz jaiak ezin hobeto ospatu ahal izateko, azken hilabeteotan buru-belarri ibili dira lanean jai batzordeko kideak.

Bertako kide Kepa Sarasolak GARAri azaldutakoaren arabera, aurten izan duten erronka nagusia diru arazoei aurre egitea izan da. Izan ere, krisiaren eraginez-edo aurrekontu mugatuagoa izan dute.

Nolanahi ere, hori ez da oztopo izan jaiak antolatzeko. Zehazki, 30.555 euroko aurrekontua izan dute eta Andoaingo Udalak 28.036 euroko laguntza eman- go du.

Sarasolak azaldutakoaren arabera, aurtengoan apustu berezia egin dute musika ekitaldietan herriko talde gazteek parte har dezaten. «Askotan, eskatzen zaienean, musu-truk jotzen dute, eta oraingoan opari hori egin nahi diegu, herriko jaietan jotzeko aukera izatea, alegia», argitu zuen jai batzordeko kideak.

Era berean, gogoa herriko txikiengan jarrita prestatutako ekitaldiak nabarmendu zituen Sarasolak. Aipatu zuenez, Txan Magoak Beheko Plazan egingo duen emanaldia ikusteko aukera izango dute astelehenean. Bestalde, kirolarekin lotutako ekitaldiak ere ugari izaten dira Andoainen.

Horietan, urte luzeetako ibilbidea duena Herri Krosa da, gaur 10.30ean jokatuko dutena. Aurten, hain zuzen ere, 32. lasterketa izango da, Bixente Huizi korrikalariaren omenezkoa. Gero, eguerdian, herri bazkaria izango da. Bertan 150 lagun inguru bilduko dira, beste urteetan baino «nabarmen» gehiago. Iaz esaterako, 80 edo 90 pertsona inguru elkartu ziren, baina, aurten saiakera berezia egin dute jende gehiago biltzeko.

Bihar, igandea, Koadrilen Eguna ospatuko dute. Egun horretako ekitaldirik berezienetakoa, izenak berak dioen bezala, Xelebre Karrera izango da, aurten hirugarren edizioa. Bertan, pedalik gabeko bizikletekin egingo dute lasterketa.

Astelehenean, berriz, Santa Krutz eguna; Andoaingo zaindariari omen egiteko eguna. Sarasolak horixe du, hain zuzen ere, pregoiarekin batera, «egunik kuttunena», aste barruan izanda, egunik «goxoena» dela-eta, berak dioenez.

musikari gazteak

Aurtengo jaietan, herriko musika talde gazteek jotzea erabaki dute jai batzordekoek. Beste edozein ekitalditan «musu-truk» jotzeko prest izaten direnez, oraingoan aukera hori ematea pentsatu dute.

pregoia

Herrian festa giroa arratsaldetik ederki sumatzen bazen ere, gauean irakurri zuen Andoaingo alkate ohi Joxean Barandiaranek jai hasierako pregoia Irunberri elkartearen atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo