Tony Blair kanpainan sartu da, Brown kolpatua erreskatatzeko
Britainia Handiko prentsaren eta inkesten mezua argia zen atzo: laborismoak lur jota amaitu zuen herenegungo azken hauteskunde eztabaida. Clegg eta Cameron aurkarien atzetik «sailkatu» ostean, Gordon Brownek Tony Blairren babesa jaso zuen. Kanpainari erreparatu beharrean, arreta osoa laborismoaren politikagintzan jartzeko eskatu zuen.GARA |
Hauteskunde kanpainaren barruan egindako hirugarren eta azken debatean David Cameronen eta Nick Cleggen atzetik gelditu ondoren, Gordon Brown lehen ministroak, ia etsita, Tony Blairrengana jo behar izan du laguntza eske.
Laguntza hori ez da askorik atzeratu eta, atzo bertan, hiru bozaldi irabaziak dituen lehen ministro ohiak agerpena egin zuen hauteskunde kanpainan, bera ordezkatu zuenari babesa adierazteko. Hala, Brownen kanpainari erreparatu beharrean, arreta guztia haren politikagintzan jartzeko eskatu zion Blairrek hautesleria britainiarrari.
«Laborismoak irabazteko aukera guztiak ditu. Baina arrakasta handiagoa izango da (...) politika kontuez arduratzen bagara», esan zuen Downing Streeteko bizilagun ohiak.
Egun, eta bozetarako astebete baino gutxiago falta denean, laboristak hirugarren ageri dira, eta azken txanparako jo dute Blairren karismara.
Nolanahi ere, estrategia arriskutsua da. Haren jarraitzaileek laboristen bururik onenetakoa dela defendatzen dute; aurkakoek, ordea, eragin handiko pertsona dela uste dute, baina funtsik gabekoa, printzipio politikoak botere truke aldatu zituena.
Haren izen onak gainbehera egin zuen AEBek zuzendutako Iraken inbasioaren aldeko jarrera hartzean. Milioi bat lagun atera ziren Londreseko kaleetara gerraren aurka, eta geroago, operazio hura justifikatzeko frogak gehiegi puztu izana leporatu zioten lehen ministro ohiari.
Eztabaidaren biharamuna
Halere, atzoko egunean zehar nabarmena izan zenez, egunkari eta inkestek ez dute Blairren ikuspegiarekin bat egiten.
«Lurrikara bat baldin ez badago, kontserbadoreen burua Downing Streeterako bidean da», zioen «The Guardian» kazetak, prentsaren aho bateko jarrera laburbilduz, Cameroni emanez debatearen garaipena.
Eztabaidaren amaieran argitaratutako bost inkesten ondorioak argiak dira: David Cameron izan da garaile (%37ko batez bestekoarekin), Nick Clegg liberal-demokrataren aurretik (%32).
Nahiz eta ekonomia kontuetan txukun aritu zen, lehen ministroak zartakoa hartu zuen, eta %25 inguru bildu zuen.
Emaitzok ikusita, lanari ekin zioten hautagaiek eta, azken aukerak direla jakinda, «azken segundora arte» borrokatuko dela esan zuen Brown laboristak.
Gutxienez 8,4 milioi lagunek ikusi zuten, herenegun, Clegg, Cameron eta Brownen arteko debatea, BBC telebista katearen datuen arabera.