Jiri Barta txekiarraren «In the Attic» film luzeak irabazi du Animabasauriko sari nagusia
A. B. | BASAURI
Zazpi jardunaldiren ostean, atzo itxi zuten Animabasauri, Nazioarteko Animazio Zinemaldia, Basauri Sozial Antzokian ospatu zen sari banaketarekin.
Film luze onenaren saria Jiri Barta txekiarrak eskuratu du aurten, «In the Attic, or Who Has a Birthday Today?» filmagatik, eta Sergei Seregin errusiarrak berriz, epaimahaiaren aipamen berezi bat, «Alice´s Birthday» filmagatik.
Film laburrei dagokienez -lanak 35 milimetrotan-, bi lanek lortu zuten sari nagusia, ex aequo. Juan de Dios Marfil «Homeland» da bata, eta Luis Zamoraren «Daniel´s journey» bestea, biak Estatu espainolekoak. Bere aldetik, Estatu frantseseko Bastien Dubaisek aipamen berezia jaso zuen epaimahaiaren aldetik, «Madagascar» lana dela-eta.
Karratuk bere aldetik banatzen duen film labur onenaren (DVD formatuan) saria, Philip Hurt britainiarraren «Lost and Found» lanak eskuratu zuen.
Behin sariak banatuta, VII. edizioa prestatzen hasiko da orain Animabasauri.