GARA > Idatzia > Kultura

EHZ jaialdiak egitaraua indarberritu du 15. urteurrena ospatzeko

Hamabost urte beteko ditu ondoko uztailaren 2, 3 eta 4an Heletan izango den EHZ jaialdiak. Ospakizun horren karietara, musika mota askotariko doinuak azaltzeaz gain, adin eta gustu guztientzako egitaraua finkatu dute. Musika taldeen artean 2 many DJ's, Alpha Blondy, Rachid Taha, Zea Mays, Ez3kiel VS Hint, Balkan Beat Box, Gose eta Bizardunak bilduko dituzte. Aurten bi gai nagusi izanen dituzte aipagai: 15. urteurrena eta komunikazio librea.

p040_f01_199x116.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Uztailaren 2, 3 eta 4an iraganen da aurtengo EHZ jaialdia Heletan. Hiru egunez, musikaz, dantzaz, antzerkiaz, baita zinemaz ere askatasun osoz gozatzeko aukera emanen da bertan finkatuak izango diren leku eta agertokietan. Arrosan duela hamabost urte abiatu zen jaialdia, eta Idauze-Mendin bost urteko tarte bat igaro ondoren, Heletan ospatuko ditu bere hamabost urteak EHZ festibalak aurten.

15 urte hauetan, euskal jendartearen eskutik, festibala mamitu eta garatu zela nabarmendu zuen Elixabet Aizager EHZ elkarteko lehendakariak. Eta, aurtengo egitarauan urteurrena ospatzeko aukera emanen dute. Horrela, jendea elkartzeko bilgune berria izanen dute Heletako Erregelu trinketean. Merkatua, zinema eta hitzaldiak eskainiko dituzte bertan. Animazioetan bi gai nagusi izanen dira: komunikazio librearen aldeko mezua eta festibalaren hamabost urteak. Horrela, leku berezi bat emanen diete Baigura ikastola sortzen ari diren gurasoei, eta, «Egunkaria»ren aldeko kultur elkarteari.

Egitarau zabala

Festibalak ateak zabaltzeko bi hilabete eskas falta direla-eta, atzo hiru eguneko egitarau zehatzaren berri eman zuten. «Gustu eta adin guztietarako jaialdia izango da aurtengoa», nabarmendu zuten EHZ elkarteko kideek. Musikari dagokionez, Heletan finkatuak izanen diren bi agertoki nagusietan nazioarteko eszena independentea eta lekuko musikariak aldizkatuz joanen dira.

Musika, dantza, antzerki edo kale animazioa harturik, euskal eszenako izen handiak topa daitezke aurtengo programazioan. Musika arloan Berri Txarrak, Zea Mays, Gose, Mikel Urdangarin, Bizardunak, Sorkun edo Mister Saguak izango dira. Dantza arloan, berriz, Ertza, Dantzaz eta Alurr konpainiak; eta antzerkian Ximun Fuch eta Ander Lipus antzerkigileen lanak azalduko dira. «Animazioetan lekuko artistei lehentasuna eman nahi izan diogu, eta euskararen presentzia azkartu», argitu zuen Jose Casaubon animazioen arduradunak.

Horrekin batera, hamabost urteak ospatzen dituztenez, egitarauan jaialdian aurreko urteetan agerpena egina izan duten zenbait artista, berriz ere, gonbidatu nahi izan dituzte. Horretan sartzen da, esate baterako, les KAGs antzerkilari bikotearen ikusgarria, eta Ximun Fuch-en emanaldia.

Nazioarteko izen handiak

Euskal Herritik kanpo etorritako musikari handiak bilduko ditu EHZ jaialdiak hiru egunez. Lehen bi egunetan musika mota askotarikoak aldizkatuz joanen dira Jim Jones Revue londrestarrak, Gojira metal taldea, Alpha Blondy Boli Kostako reggae kantaria, Izia, 2 many DJ's belgikar anaiak, The Subs eta Rinôçérôse elektro-rock musika taldeekin.

Igandean, berriz, giro herrikoia nagusituko denez herri bazkariaren bidez, munduko musiketan sailkatuak diren Rachid Taha, Balkan Beat box eta Le Peuple de l'herbe taldeak arituko dira. Horiekin batera, karrika animatzeko Zo-zongo, Pastors of muppets eta Brancaleone txarangak izango dira, besteak beste.

«Larunbatean zehar, igandearen gisara giro herrikoi eta familia giroa gauzatzen ahalko da», esan zuen Aizagerrek.

Horrela, iaz bezalaxe, haurren txokoa animazio, tailer eta ikusgarriekin izango da. Esate baterako, larunbatean Pirritx eta Porrotx eta Marimotots ikusten ahalko dira. Egitaraua zehazteaz gain, duela hiru aste EHZ jaialdiaren lokaletan izandako miaketa eta, ondorioz atxiloketa, berriz ere, salatzeko baliatu zuen Elixabet Aizager lehendakariak atzoko agerraldia.

Atxilotuak gogoan

Materiala beti eskas zutela gogoratzeaz gain, Mattin Olzomendiren atxiloketa ez dela onargarria salatu zuen, beste behin ere. Horrekin batera, aurtengo beste zenbait berrikuntza ere nabarmendu zituen Aizagerrek, hala nola brigada berdeen finkapena. Batzorde berezia sortu dutela-eta, ideia berri zenbaitekin agertuko dira jaialdian. Komun idorren sistema plantatu eta zaborren kudeaketa landu nahi dituzte, besteak beste. Philippe Etxepar Heletako auzapeza aurkezpenean izan zen, eta, iazko edizioarekin oso pozik agertu zen. Iazkoan atzemandako hainbat akats konpontzeko neurriak hartuak izan direla argitu zuten.

SALMENTAK

EHZ jaialdiaren hiru egunetarako txartela 50 euroan salgai dago jada. Lekuan bertan, berriz, 55 euroan izango da. Egun bakoitzeko txartelak, bestalde, 25 euroko salneurria du aurre salmentan, eta 28 eurokoa lekuan bertan.

Fitxa

Lekua: Heleta herrian.

Egunak: Uztailaren 2, 3 eta 4an.

Prezioak: Hiru egunekoa, aurre salmentan, 50 euroan eta lekuan bertan, 55 euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo