«Euskararen Herri Hizkeren Atlasa»ren lehen bi liburukiak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak
1984an abiatu zuten lanak lehen emaitzak eman ditu modu horretan. «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa» egitasmoa euskararen aldaerak mapetan jasotzeko helburuarekin garatu du Euskaltzaindiak.
GARA | BILBO
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Eta euskararen aldaerak mapetan jasotzeko helburuarekin egindako lan mardula aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak Bilbon, «Euskararen Herri Hizkeren Atlasa» (EHHA).
Elkarteak 1983an onartu zuen orain lehen bi liburukien emaitza eman duen egitasmoa, Markina-Xemeinen egindako Dialektologia Barne Jardunaldietan. Eta 1984an jarri zen lana abian, Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita buru zirela -azken hau dugu egun zuzendaria-.
Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Horiez gain, inkestak egiten eta transkribatzen, mapak osatzeko eta informatizatzeko lanetan hauek ibili dira urte hauetan guztietan: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Gorka Intxaurbe, Jon Irigoras, Amaia Jauregizar, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde eta Koro Segurola.
EHHA egitasmoa abiatzerakoan, galdeketa lekuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu ziren. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak aztertzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia, eta datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri bat, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36. Nafarroan 27, Lapurdin 15, Baxenabarren 18 eta Zuberoan 12. Gero, 1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten eta 1992an amaitu.
Inkesta egiteko adineko pertsonak aukeratu ziren, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, eta herritik kanpoan gutxi ibiliak. Eta inkestak 80ko hamarkadan egin zirenez, asko hilak dira.