Aitziber Etxeberriaren «31 baioneta» eleberria gaztelaniaz eman du Koro Navarrok
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Orain hiru urte Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973) euskaraz kaleratu zuen liburua gaztelaniara itzuli du Koro Navarrok Erein argitaletxearekin. Literatura historikoan oinarrituta, «liburu duina, erraz irakurtzekoa» dela aitortu zuen atzo itzultzaileak Donostian egindako aurkezpenean. «Liburu interesgarria da Donostiako historiaz zerbait gehiago jakin nahi dutenentzat», nabarmendu zuen.
«31 bayonetas, la quema de San Sebastián» XIX. mende hasieran kokatzen da, Independentzia Gerran Gipuzkoako hiriburuak jasan zituen setioetan, hain zuzen. «Gertakari haien ondorengo egunean, Donostiako gizon prestuenak Zubietan elkartu ziren suntsituta zegoen hiriarekin zer egin eztabaidatzeko. Donostiatik alde egin, ala hura berreraikitzen saiatu. Bigarrenaren aldekoa izan zen gizon haiek egindako hautua, handitasunaren seinale garbia», esan zuen.
Bere iritziz, itzultzaile bezala «arraro sentitu naiz euskaratik gaztelaniara lana itzultzen, normalean alderantzizko bidea izaten baitute liburuek. Hasieratik kosta egin zitzaidan, nahiz eta ondoren neurria hartu eta oso gustura aritu naizen lanean». Hala, liburuaren euskara maila goratu zuen, eta horrek lana erraztu diola gaineratu.
Etxeberriak bi zatitan banatzen du lana; batetik, gerrak Donostian sortutako egoera eta, bestetik, Uliako baserri batean bizi diren ama-alaben eguneroko bizimodua. «Orain berrehun urte Donostiako jendeak zituen ohiturak biltzen saiatu naiz kontakizun historikoa egiteaz gain», adierazi zuen. Beatriz eta Grazianaren bizitzak azaltzen ditu beraz, setioaren aurreko zein ondoko Donostiaren egoera deskribatzen duen bitartean.