Balentziagaren soinekoz jantziko da Bilboko Arte Ederretako Museoa, maiatzaren 10etik landa
«Mugaren diseinua» izeneko erakusketak getariar jostunaren goren mailako 35 soineko erakutsiko ditu. Atzo erakusketa atontzeko lanak abiatu zituzten, maiatzaren 10ean ateak ireki ditzan.
A. BILBAO | BILBO
Bilboko Arte Ederretako Museoak aurki irekiko du Balentziaga jostun sonatuari buruzko erakusketa. Atzo abiatu zituzten lanak, argazkian ikus daitekeenez: gaueko hiru soineko, neonezko eraztunez inguratuta, «Gau distiratsua» izendatu duten instalazioan.
«Balenciaga. Mugaren diseinua» izeneko erakusketak datorren maiatzaren 10ean irekiko ditu ateak -eta irailaren 26an itxi- Bilboko museoan. Bertan, Kristobal Balentziagak (Getaria, 1895-Valentzia, 1972) sortutako 35 lan bikain eskegiko dira, Lakuako Gobernutik, Cristobal Balenciaga Fundaziotik eta Madrileko zein Euskal Herriko bilduma pribatuetatik jasoak. Guztien artean, jostunaren urrezko aroa hobeto ezagutzen lagunduko diote bisitariari.
Kristobal Balentziaga Eizagirre gipuzkoarra Balenciaga deituraz da ezaguna mundu osoan, moda sortzaile eta goi mailako joskintzaren sortzailetzat baitute askok. Hiru hamarkada luzez Parisen josi zituen jantziak, Coco Chanel eta Christian Dior ezagunek bezala.
Bilboko Arte Ederretako Museoan hastear den erakusketa hori ez da getariarraren lanari eskaini izandako bakarra, aurretik Balentziagak sortu jantziak ikusgai izan baitituzte, besteak beste New York hiriko Museo Metropolitanoan. Eta jakina denez, aurki bere jaioterrian museo propioa izango du.