Joseba Fernandez, gose greban bere bakartze egoera amaitu arte
26 egun beteko ditu gaur Joseba Fernandez Aspurz preso politiko iruindarrak gose greban. Poitierseko espetxean dagoen euskaldun bakarra delako eta martxoan atxilotu zutenetik erabat bakartuta izan dutelako abiatu zuen protesta. Beraren lagun batek adierazi zuenez, «oso indartsu» dago eta ez du etsiko bere egoera aldatzen ez den bitartean.
GARA
Joseba Fernandez Aspurz preso politiko iruindarrak 26 egun beteko ditu gaur gose greban. Txantrea auzoko gazteak protestari ekin zion martxoaren 17an Parisko inguruetan atxilotu zutenetik erabat bakartuta izan dutelako. Beraren lagun batek Apurtu.org webgunean azaldu zuenez, berarekin hitz egin ahal izan du, eta gose greban jarraitzeko asmoa adierazi dio, bere bakartze egoera bukatu arte. «Oso indartsu» dagoela adierazi dio lagunari.
Izan ere, iruindarra Poitierseko espetxean dagoen euskaldun bakarra da, eta gainerako euskal preso politikoak espetxeraturik dituztenetako batera eramateko eskatzen du berak. Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu zuenez, Fernandez Aspurzekin Estatu frantsesa egiten ari dena «mendekua» da. Gogoratu beharra dago gazte iruindarra ETAko kide eta jendarmeen arteko tiroketa baten ondorioz polizia bat hil ostean atxilotu zutela.
Presoen eskubideen alde
Euskal presoen eskubideen defentsan milaka herritar atera ziren atzo arratsaldean kalera hilabeteko azken ostirala izanik. Ildo horretan, 82 lagun bildu ziren Laudion, Muskizen 16, Lazkaon 65, Zegaman 10, Uharten 18, Aurizberrin 19 eta Plentzian 5, Ertzaintzak guztiak identifikatu zituen azken herri honetan, salatu zutenez. Berangon berriz, 35 lagun batu ziren eta Polizia autonomikoaren bi furgoneta eta patruila bat agertu ziren. Bi lagun identifikatu ondoren, Etxeraten anagrama eta «Euskal presoak Euskal Herrira» zioen pankarta eraman zuten. Sopelan ere antzeko jarrera izan zuen Ertzaintzak elkarretaratzean parte hartu zuten 40 lagunetatik bi identifikatu baitzituen.
Azpeitian errepide nagusian euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzen duten maindireekin maindire ilara egin zuten eta 73 herritarrek hartu zuten parte. Bestalde, Zamudion 300 pertsona batu ziren eta Aner Petralandari ongietorria emateko baliatu zuten.
Aldi berean, 25 lagun batu ziren presoen eskubideen defentsan Trapagaranen, 36 Arrigorriagan, 50 Erromon, 20 Zaratamon, 115 Zornotzan, 45 Iurretan, 12 Gatikan, 41 Etxebarrin, 20 Berrizen, 20 Antzuolan, 86 Azpeitian, 40 Zumaian, 125 Lekeition, 36 Getarian, 50 Arratian, 48 Lizarran, 35 Amezketan, 26 Mundakan eta 160 Arrasaten.
Legorretan 20 pertsona bildu ziren enkarteladan parte hartzeko, 170 Iruñean, 60 Zaldibian, 206 Ondarroan, 86 Aulestin, 86 Villabonan, 63 Larrabetzun, 15 Alegian, 17 Elgetan, 30 Bermeon, 45 Ibarran, 545 Gasteizen, 25 Trintxerpe-San Pedron, 12 Astigarragan, 70 Portugaleten, 22 Munitibarren, 20 Irurtzunen, 56 Ugaon, 15 Zuia-Murgian, 95 Durangon, 92 Galdakaon, 25 Araian, 25 Bakaikun, 45 Arbizun, 35 Lesakan, 50 Altsasun, 230 Donostian, 30 Urnietan, 21 Elizondon, 62 Lizartzan, 23 Berañainen, 120 Bilbon Sabin Etxearen aurrean eta 200 Arriagan, 17 Anoetan, 65 Abadiñon, 24 Beran, 20 Zallan, 225 Errenterian, 31 Lezon, 88 Urretxu-Zumarragan, 72 Etxarrin, 15 Lekunberrin eta 21 Zaldibarren.
Leitzan ere mobilizazioak egin zituzten, eta 70 lagun batu ziren bertan, beste 70 Oñatin, 13 Zeberion, 11 Lemoizen, 95 Tolosan, 40 Mungian, 15 Ikaztegietan, 40 Deban, 32 Urduñan, 85 Usurbilen, 25 Irunberrin, 30 Ajangizen eta 20 Agoitzen.
Ipar Euskal Herrian 20 pertsona batu ziren Senperen, 19 Uztaritzen, 30 Baionan, 15 Angelun, 30 Kanbon, 29 Donibane Garazin, 20 Saran, 30 Azkainen, 50 Donibane Lohitzunen eta 16 Bidarten. Gasteizeko Andra Maria Zuriaren plazan bizi osoko espetxe zigorraren kontra eta gaitz larriak dituzten presoen aldeko elkarretaratzeak egin zituzten.
Herriko tabernatik salatu zutenez ertzain bat armaturik sartu zen atzo goizean. Kartelak jartzen zeuden bi gazteren bila sartu omen zen, baina ez zeuden bertan.