GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Luzien Etxezaharreta (2010/4/30)

Maiatzaren Lehena

Lanaz gogoetatzeko garai ona da Maiatzaren Lehena. Lanetik bizi gara denak eta jendea jende den puntutik hasi zen lur honetan bizitzeko, gero irauteko eta azken batean bizi hobe baten eramateko borroka. Besteen lanaz baliatzea norberaren aberasteko eta boterearen erabiltzeko, horra beste konstante bat mendez mende ikusten eta pairatzen dena.

(...) Lur honetako aberastasun guztien hondamenera goazela argitzen ari da. Gainera, iragan mendeko aurrerapen teknikoek, ekoizpen ahal berriek lan gutiagoren errebindikapen zuzena erakutsi zuten: «Gutiago lan egitea hobeki bizitzeko» ildo zuzena da. Krisia dela eta, hots estaturik boteretsuenen arteko gerren kapitulu berri bat, indar asko bizitze hobe horren eskaeraren baztertzera saiatzen dira. Jauntxo batek, kopeta zerbaitekin «gehiago lan egitea, gehiago irabazteko» aldarrikatu du, ahaztuz beti berak direla lan egin behar dutenak!

Lan gehiagok erran nahi duelarik kontsumoaren gehitzea, gure lurraren pozoitzea, hegoaldeko pobreen eta beren ondasunen are gehiagoren baliatzea, nolaz ez kondenatu ekintza kriminal hori, gure ondokoen bizia bahitzen duena?

Bestela kontsumitu, bestela ekoiztu, bestela lurtarrekin partekatu, gure salbabide bakarra da. Ahaztu gabe langileek mendez mende eraman borrokak: lurtar izatearen ohore bakarra da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo