GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian bizi eta beren burua espainoltzat duten etorkinekin hizketan

Duela hamarkada batzuetatik bizi dira Euskal Herrian, baina, beraiek espainoltzat dute beren burua. Hala ere, erabat integratuta daude, diotenez. Horixe da Julen Zabalo eta beste hainbat kidek 1950-1980 aldiko migrazioa aztertzeko bildu duten jendearen zantzu orokorra. Asmoa garai horretako migrazioa aztertuz, gaur egungoa ulertzen saiatzea zen. Azken bultzada Gite-Ipes taldearen Julio Araluze bekak eman zien.

p024_f02.jpg

Janire ARRONDO I

Asko hitz egiten da gaur egungo migrazio fenomenoari buruz, eta atzerritik datozenak Euskal Herrian eta euskal kulturan integratzeari buruz. Hala ere, badirudi ahaztu egiten zaigula duela hamarkada gutxi beste etorkin uholde bat jaso zuela Euskal Herriak. XX. mendearen bigarren erdialdean Euskal Herrian izan zen industrializazioa zela-eta, Estatu espainoletik jende ugari etorri zen hona bizitzera, eta horiek beren burua «bertakotzat» eta «integratuta» ikusten dute gaur egun.

Hala, Euskal Herriko migrazio mugimenduetara gerturatu, eta etorkinek integrazioa nola bilatzen eta gauzatzen duten aztertu dute Iker Iraola, Ilune Bazterra, Txomin Mateos eta Julen Zabalok ikerketa lan batean. Horretarako, 50eko eta 80ko hamarkada artean Euskal Herrira Estatu espainoletik etorritako etorkinengana jo dute. Lana abiatzerako bazuten asmo bat; hain juxtu ere nazionalismo espainolak etorkinak Euskal Herrian «gaizki tratatuak» direla dioen diskurtso hori gezurtatzea, eta hori behintzat lortu dutela diote. Beraiekin hitz egin duten etorkinak, abertzale ez izanagatik, ez dira bigarren mailako herritar sentitzen.

Bestalde, topatu dutena da etorkin horiek erabat integratuak sentitzen direla, baina, integrazio horren barruan ez dutela euskara ikastea, euskal kultura ezagutzea edo abertzale sentitzea aintzat hartzen.

Bi nazionalismoen arteko talka

Altsasu, Barakaldo, Bastida, Bergara, Gasteiz, Iruñea, Pasaia edo Berriatua gisako herri industrializatuetan osatu zituzten eztabaida-taldeak, etorkinen adierazpen eta iritziak jasotzeko. Eztabaida edo elkarrizketa erabat bat-batekoak sortu zituzten, «esaten zutena prestatu gabea eta benetakoa izan zedin». Julen Zabalok azaldu zizkion GARAri etorkinen ahotik jaso eta euren lanean islatu dituzten ideia eta planteamenduak.

Eztabaida talde bakoitzean bost eta hamar lagun inguru bildu dituzte, guztiak duela hamabost urte edo gehiago Estatu espainoletik etorriak eta abertzale sentitzen ez direnak. Guztiak duten ezaugarri komuna da, batez ere arrazoi ekonomikoek bultzatuta etorri zirela Euskal Herrira. Zabaloren ustez, horrek azaltzen du etorkinen kezka nagusiak ardatz horretan -ekonomian- kokatzea eta arlo politikoari dagozkion gaien inguruan interesik ez izatea edo ez inplikatzea.

Oro har, jaso izan dutenez, etorkin hauek oso gustura bizi dira Euskal Herrian eta ez dute hemendik joateko asmorik. Alde batetik, euskal nazionalismoak jendea politikoki abertzaletasunera hurbiltzeko saiakera egin duela ikusi dute. Hala azaldu zuen Zabalok: «nahikoa zen abertzale bihurtzea, ez euskaraz jakitea edo hemen jaioa izatea, euskal herritar izateko». Ideia horren aurrean, baina, nazionalismo espainolak «estrapolazioa» egin duela uste dute. Hain justu, euren ustez, zabaltzen duten mezua da abertzale ez izateak bigarren mailako izatea zekarrela. Hala ere, etorkinen artean sentimendu hori ez dagoela frogatu dute.

Zabaloren ustez, baina, ideia horrek badu helduleku bat, eta da abertzaletasunak «lehentasuna» eman diola «abertzale modura jokatzen zuen etorkinari». Nolanahi ere, etorkinek diotenez, abertzaleen aldetik ez dago euren aurkako jarrerarik.

Euskararik gabeko integrazioa

Herriz herri eztabaida-taldeekin eginiko solasaldietan, orokorrean, denetan antzeman dute ikertzaileek guztiak «erabat integratuak» sentitzen direla. Hala ere, herri txikietatik hirietara badela alderik azaldu zuen Zabalok. Hain justu ere, hirietara etorkinak multzo handiagoan iritsi ziren, beraz, bertakoekin harremanak egin arren, neurri batean euren artean antolatzen ziren. Bestalde, herri txikietan etorkin gutxiago zirenez, bertako bizilagunekiko harremana estuagoa zen. Etorri ziren garaian «halabeharrez» integratu behar izan ziren, eta «orain lasaiago ikusten zaie», zioen Zabalok.

Erabat integratuak sentitzen diren etorkin horietako asko, «herri oso euskaldunetan» bizi direla ikusi zuten ikertzaileek, biztanle gehienek euskaraz egiten duten herrietan, alegia. Hala ere, hori ez da eurentzat inongo oztopo. Espainol sentitzen dira, eta ez dute euskaraz ikasi, eta hala ere, herri euskaldun eta abertzaleetan bertako sentitzen dira.

Lan honen egileei «deigarri» egin zitzaiena da euskarari buruz etorkinek duten iritzia. Izan ere, lanbideetarako euskaraz jakitea eskatzea «oso gaizki baloratzen» dute. Zabalok azaldu zuenez, batez ere, Barakaldoko taldean euskararen aurkako «oso jarrera itxia» antzeman zuten. Jarrera hori arrazoitzeko zioten lanbide batean «hoberen prestatuta» dagoenari lehentasuna eman beharko litzaiokeela, eta ez euskaraz egiten duenari. «Ez lehentasuna bakarrik, euskarak ez lukeela kontatu behar esaten dute», zioen Zabalok. Etorkinek, kasu gehienetan, senitartekoren baten esperientzia hartzen zuten ahotan euskarari buruz hitz egiteko, eta beti izaten zuten norbait euskaraz ez jakitearren lanposturen bat lortu ez zuena.

Atzerrian Euskal Herria defendatzen dute

Eztabaida-taldeetan jasotakoaren arabera, etorkinek modu naturalean aitortu eta kontatzen dute Estatu espainolean Euskal Herriari buruz duten irudia «okerra» dela. Alegia, euren jaioterrira itzultzen direnean, Euskal Herria defendatzen aritzen dira. Eurek argi dute, Euskal Herriari buruz irudi hori komunikabideek islatzen dutela eta horrekin «haserre» edo «minduta» agertzen direla zioen Julen Zabalok. «Denek esaten dute era gogorrean tratatzen dela Euskal Herria Estatu espainolean», azaldu zuen.

Berezia da baina, Euskal Herriaren «irudi okerra» zuzentzen jarduten duten arren, ondoren politika ez zaiela interesatzen aitortzen dute. Jakitun dira eta onartzen dute Euskal Herrian «gatazka» dagoela eta uste dute konponbidea eman behar zaiola. Ez dute autodeterminazioa edo halako kontzepturik erabiltzen, baina, «eseri» eta «gauzak konpondu» egin behar direla esaten dute.

Abertzaleen «eskakizunen» harira, Zabalok azaldutakoaren arabera, etorkinei ez zaizkie «irrealak» edo «asmakizunak» iruditzen; hala ere, nahiko urruntasunez ikusten dute gaia. Kontsultaren bat egingo balitz parte hartzeko prest agertuko lirateke. Kontsulta egin eta etorkinak Euskal Herritik kanporatzea erabaki daitekeela proposatuta, berriz, barre egiten zuten eztabaida-taldeetan. «Hori PPren diskurtsoa izan da, kanporatuko zituztela, alegia, eta ez dute sinesten», zioen Zabalok.

Julio Araluze beka

Hain justu ere, Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak (Gite-Ipes) bultzatutako Julio Araluze beka aitzakia hartuta egin zuten ikerketa lan hori Iker Iraola, Ilune Bazterra, Txomin Mateos eta Julen Zabalok. Beharrezko izan zuten lehenbizi XX. mendeko bigarren erdialdean Euskal Herrian izan zen migrazio fenomenoaren gainean argitaratuta zegoena aztertzea. Julen Zabalok zioenez, espero ez bazuten ere, «oso gutxi» aztertutako gaia da. Ondoren, etorkinen esperientziak eztabaida-taldeetan aztertuko zituztela erabaki eta horiek osatzeko tramiteak egiten hasi ziren. Orain, ia urtebeteren buruan, jasotako eta landutako guztiarekin osatu duten 30 orri inguruko txosten horri zein itxura edo forma emango dioten lantzen ari dira. Aste gutxitan, behin betiko euskarrian prest izango da lana.

Bestalde, Gite-Ipesen Julio Araluze beka jasotzeko proposamenak bidaltzeko epea irekita dago, maiatzaren 17ra arte. Irabazleak 3.000 euro izango ditu lana egiteko.

Gite-Ipeseko kide Txema Uriartek egunkari honi azaldutakoaren arabera, Julio Araluze historialari algortarraren omenez sortu zuten beka hori. Hain zuzen ere, Araluzek historia ikertzen eta hura hedatzen «ahalegin berezia» egin zuen, Uriarteren ustez, eta lan horri jarraipena emateko modua da beka hau. 2008. urtean jarri zuten martxan eta Josu Martinez bilbotarraren «Itsasoaren alaba» dokumentala izan zen fruitua. Haren segidan etorri da «Etorkinak eta integrazioa. 50-80 harmarkadetako etorkinen integrazio moduak Hego Euskal Herrian» ikerlana. Orain, hirugarren ediziorako hautagai bila dabiltza.

Josu Martinezen «Itsasoaren alaba»k estreinatu zuen beka

Gite-Ipes erakundearen sortzaileetako bat izan zen Julio Araluzeren izena daraman bekaren lehen edizioan kaleratu zen «Itsasoaren alaba» dokumentalak oihartzun zabala izan zuen, bai Euskal Herrian, bai atzerrian; hainbat herrialdetara zabaldu zuten, besteak beste, Italia, Alemania, Danimarka, Suitza, Eslovenia, Irlanda, eta Estatu espainolera ere bai. Josu Martinezek zuzendutako euskal film dokumental honek Haize Goikoetxeak bere aitaren bizitza ezagutzeko egiten duen bidea azaltzen du. Haize Ipar Euskal Herrian jaio zen eta euskal iheslari bikote baten bigarren alaba da. Berak bi urte ere ez zituela hil zuen GALek ETAko militante Mikel Goikoetxea Txapela, bere aita.

Haizerentzat bere bizitza erabat baldintzatu zuen gertaera izan zen aitaren heriotza, gauza gutxi zekien gainera, hari buruz.

Memoria berreskurapenerako ariketa horren lekukotza da dokumentala. Bide horretan, Txapelaren irudi ezberdinak ezagutu eta jaso zituzten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo