GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askatasunak manifestaziora deitu du gazteen aurkako polizien jazarpena salatzeko

Lapurdi, Nafarroa Beheran eta Zuberoan gazte asko jasaten ari diren jazarpena «onartezintzat» jo du Askatasunak. Poliziaren jokamolde «kriminalizatzailea» gogor salatuta, «militatzea ez dela delitu» gogorarazi du eta biktimei isilik ez geratzeko gomendatu die.

p021_f02.jpg

GARA |

Azken urteotan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako zenbait gaztek jasan duten polizia jazarpena salatzeko, manifestazioa antolatu du Askatasunak, datorren maiatzaren 15erako, 17.00etatik goiti, Donibane Lohizunen. Gazte horietako batzuekin, baita adingabeko baten aitarekin ere, Muriel Lucantis bozeramaileak hainbat kasu mahai-gaineratu zituen, tartean, datozen asteetarako polizia edo epaile aurrean deklaratzeko deia jaso dutenenak.

Hala, maiatzaren 11n Peio Sarraude eta Mikel Apetx Oztibarreko gazteak polizia-auzitegira deituak izan dira etxebizitza hutsaren problematika salatuz, han-hemenka azaldu diren kartelak jartzea leporatuta. Martxoa hasieran errepide kontrol batean gelditu zituzten, eta gero Mauleko jendarmerian galdezkatu zituzten. Bi gazteek «presio eta mehatxuak» jasan izana eta DNAren laginak hartu zizkietela salatu zuten.

Gero eta maizago

Kartelak jartzeagatik edota pintadak egiteagatik antzeko beste kasurik izan dela gaineratu zuen Lucantis. Gero eta maizago gertatzen ei dira, eta askok isunak jaso dituzte, komisariara deituak izan ostean, atxilotu eta «itaunketa gogorrak» jasan ostean.

Adibideen artean, bada bat bereziki esanguratsua. 2007ko udazkenean, Kalakaren aurkako polizia operazioan espetxeratutako gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu ostean, Donibane Garaziko jendarmerian izandako istiluekin lotu zuten Armendaritzeko adingabea, hain zuzen ere.

Orduan hura atxilotzerik ez zutela-eta, 16 urte izan arte itxaron zuten, eta bere etxean atxilotu zuten 2008ko azaroan. Orduan ere «presio eta mehatxuak» jasan zituela salatu zuten bere gurasoek eta berarekin batera egoera berdina pairatu zutenenek ere bai. Geroztik, «hiritartasun ikastaroak» egitera kondenatu zuten baina zigor hori errefusatu ondoren, orain, maiatzaren 28an Adingabeen Auzitegian epaituko dute, «poliziaren kontrako bortizkeria» leporatuta.

Askatasunak nabarmendu du «militatzea ez dela delitu» eta agintari frantsesek «konpromisoa laidotu eta kriminalizatu» nahi izana salatu du. «Antolatze eta adierazpen askatasunaren kontrako jokamolde onartezintzat» jo ditu. Halaber, «salaketa publikoa egiteko beldurra» dela medio, antzeko jazoera asko ez direla jakinarazten ikusita, «bakarrik ez geratzeko, deialdi horietara ez joateko eta, joatekoan, inoiz ez norbait abisatu gabe», gomendatu du. Poliziaren aitzinean ez deklaratzeko eskubidea ere gogorarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo