GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Burtsa ala bizi

Ekonomiak bizi gaitu azken bolada honetan; hortik dator jende askoren bizi-kalitatearen eskasa, horietariko batzuen bizi-maila goitik dagoen arren. Maila eta kalitatea ez baita gauza bera, esnegintzan ere ez; eskola eta eskela gauza bera ez diren moduan. Tira! egunean egun eta lekuan leku eskutik eskura darabilgun diru-paperaren atzean mundu zabala dagoela ikusi dugu, inoiz baino ageriago. Unibertsoan omen diren zulo beltz guztiak bat eginda baino beltzagoa da diru-mundu hori, eta sakonagoa ere, eta urrunagoa. Hara! diruak prezioa du! politikoa eta ekonomikoa, eta normal-normal hartzen dute hori merkatuan. Baina diruarentzat ona dutena ez dute bakearentzat on, bakeak ez omen baitu preziorik, ez politikorik ez justiziazkorik. Bakea ez den gainerako guzti-guztiari merkatuan sartuta prezioa jartzeak agerian uzten du zein balio gutxikoa den bakea merkatua askatasun-eremu hartzen duten bakezale horientzat. Exekutibo exekutatzaileak. Amen. Beharbada bakeak burtsan kotizatuko balu bakezaleok horren aktibo batzuk berenganatuko lituzkete, ez haren izenean aktiboon izanean baino. Tira, bakearen bidean burtsa da behin betiko gurutziltzatu beharrekoa, burtsa-kideen kalbarioa areagotuz, lehengo ohiko burtsa ala hil zer hartatik geroko burtsa ala bizi honetara jauzi eginez.

Kolpetik kolpera doan bakerako hezkuntza plan horrek badu ekonomia horretatik zer ikasirik, kalifikazio-sistema esate bateko. Kasurako, ume batek erdararen unibertsoan halako zulo beltz bat zulatzeko gaitasunik erakusten ez badu kalifikazioa AAAtik AA+ra pasatu diezaiokete, eta AAra jaitsi ere zuloa eginda nor eta zulogintzako irakaslea bera sartuko balu zulora. Are gehiago, eskolatik bota lezakete ere umea behin irakaslea zulora sartuta lauhilabeteko oso batean burtsaren eboluzioaz batere informaziorik pasatuko ez balio, bere plaza halako belo gorri-horixkadun batek hartuko zuela. Portzierto, zabalduko ote dute beloaren debekua ezkontzetara?. Tira, harira!. Itxura batean, eta Shanghaitik erreka bat pasatzen dela baliatuz, bizikidetza edo plan hori ezartzeko dira, proba modura beti ere, Mexikoko Ciudad Juarezen eta Palestinako Eki-Jerusalenen. Ene, ene! nork bere orbana. Estatu Batuek ere berea, non eta Mexikoko Golkoan. Zulatze berriak bertan behera utzi ditu hango nagusiak. Hemengo ikasleek ezin izango dute han zulotan ibili, horretan hemen AAAkoak izanda ere. Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo