Ostiralean istripua izan zuen EHUko irakasleetako bat larri dago
GARA |
Herenegun Palentziako A-62 errepidean istripua izan zuen EHUko irakasleetako bat larri dago Valladolideko Unibertsitate Klinikako zainketa berezien unitatean. Bi zangoetan hausturak zituen 32 urteko irakasleak, E.C.G delakoak, hori dela-eta, ebakuntza egin behar izan zioten. «Larri baina egonkor» dagoela jakinarazi zuten atzo erietxeko informazio iturriek.
Donostiako Arkitektura Eskolako 46 lagun, ikasle zein irakasle, Valladolidera zeramatzan autobus batek kamioi baten aurka jo zuen ostiralean Palentzian, eta zazpi lagun zauritu ziren, bost ikasle eta bi maisu. Bost ikasleak eta irakasle bat Palentziako Río Carrión ospitalera eraman zituzten. Arratsalde parterako, seiei alta eman zieten eta etxera buelta egin zuten.
E.C.G. irakasleak, ordea, bi zangoetan hausturak jasan zituen kolpearen ondorioz, eta Valladolideko Unibertsitate Klinikara eraman zuten helikopteroz, berehala ebakuntza egiteko.
Bestalde, onik atera ziren beste ikasle zein irakasleek hainbat komunikabideetan adierazi zutenez, «beldurra» izan zuten istripua gertatu eta ondorengo segundoetan. Gasolina usaina izugarria omen zen, eta autobusak eztanda egin zezakeela pentsatu zuten.