GARA > Idatzia > Kirolak> Gipuzkoa Basket

ACB Liga

Lagun Arok maila bermatuko du Granadari irabaziz gero

Xacobeok galtzea nahikoa lukete donostiarrek. Bilbao Basketek, berriz, partida garrantzitsua du eguerdian Estudiantesen aurka, zortzigarren posturako lehian.

p050_f01_148x104.jpg

Arnaitz GORRITI I

Denboraldian zehar makina bat gorabehera bizi izan arren, ACB Ligan mantentzeko helburua esku-eskura dauka Lagun Aro GBCk. Matematikoki eutsiko lioke mailari talde donostiarrak Granadari irabaziko balio; are gehiago, garaipenik ere ez luke beharko baldin eta Xacobeok Kanaria Handiaren aurka galduko balu. Hargatik, Valladolideko deskalabrua ahaztu eta Donostia 2016 Arena pabiloian jai giroa nagusitzea espero da. Lagun Aroren partida 19.00etan hasiko denez gero, ordurako helburua beteta duten ala ez jakingo dute Lasorenek.

Jokalari guztiak prest izango dira gaur arratsalderako, nahiz eta Albert Mirallesek, kolpe bat dela-eta, atzaparretan zaintiratu bat izan eta, ondorioz, ezin izan duen kideen erritmo berean entrenatu. Aldiz, Pankok eta Hopkinsek azken asteetan izandako arazo fisikoak gainditu dituzte eta Granadari aurre egiteko gertu izango dira.

«Guretzat oso hitzordu berezia da Granadaren aurkakoa», onartu du asteon Pablo Lasok. «Gure xedea matematikoki mailari eustea da eta horretarako gure betebeharra ganoraz burutu behar dugu, gainerako emaitzei begiratu gabe. Gainera, azken asteetan etxean maila ona ematen ari gara eta, salbazioa erdiesteaz gain, ligan ahalik eta posturik onenean amaitu nahiko genuke», gaineratu du.

Dena dela, teknikari gasteiztarrak ongi daki zer-nolako aurkaria izango duen aurrean. Gipuzkoa Basketek ACB Ligan bere historiako aurreneko garaipena Granadaren aurka lortu bazuen ere, Trifon Poch-ek zuzentzen duen taldeak egundoko gorakada egin du aurten, eta 14 garaipen pilatu dituelarik dagoeneko, play off-ak jokatzeko borrokan jarraitzen du.

«Zortzi jokalarik osatzen dute Granadaren bizkarrezurra: Gianella eta Rannikko jokoa antolatzen, Hunter, Ingles eta Stefansson kanpoaldean, eta Hendrix, Aguilar eta Gutierrez barrutik. Asko hazi dira denboraldia hasi denez geroztik eta, bada, oso aurkari arriskutsua izango da», onartu zuen Lasok.

Bilbotarren finala

Eguerdian, 12.3oean, Bilbao Basketek Estudiantesen aurka jokatuko du Bizkaia Arenan. Bartzelonaren aurka galdu ostean, Katsikarisenek finala balitz bezala jokatuko dute madrildarren aurka; izan ere, galduz gero, zortzigarren lekua eskuratzeko lehia asko zailduko litzaieke beltzezko gizonei.

Partida honek buruz buruko lehia ugari izango ditu. Interesgarrienak agian hegalekoen artekoak -Mumbru Suarezen aurka nahiz Warren Jasenen aurka- izango dira, eta esan behar da Caner Medley eta Hervelle hegal-piboten arteko norgehiagoka ere txinpartak ateratzeko modukoa izan daitekeela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo