GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Zenbait burutazio gaurko urtebetetzeaz

Ai, enplegua! Zelan erabiltzen zaituzten, enplegu hutsa langileon helburu bakar bihurtu zaituzte... horrelaxe heldu gara enplegua izan baduen baina pobre izaten jarraitzen duen klase oso bat osatzera

Ekonomistek ez daukate ideia izpirik ere noiz amaituko den hau, zelan amaituko den eta hainbestetan errepikatutako «susperraldi ekonomikoak» zelako figura izango duen (V, W, L edo alfabetoko beste edozein letra); hala ere, politikariek ez dute daturik txikiena ere pasatzen uzten euren eremuan gauzak hobera doazela baieztatzeko, esperantza pizteko, ondo gelditzeko. Aukerak ezin dira alferrik galdu, eta betiereko hauteskunde kanpainan gaude. Politikariek egiten duten guztia beti dago ondo eginda eta, jakina, emaitza positiboak izan behar ditu. Ez baditu, negatiboak positiboz mozorrotu.

Langabeziaren jaitsiera aipatu du bere «zorionak zuri eta, posible balitz, urte askotarako» ospatzeko Lopezek. 3.000 lagun baino zertxobait gehiago lanean hilabete honetan baskongadetan.

Hedabideei begira egiten diren adierazpenek gertaeren, pertsonaien, egoeren irudiak osatzen dituzte. Lopezen komunikazio kabineteak ondo baino hobeto daki hori. Hala ere, irudi mediatiko horiek batzuetan ez datoz bat errealitatearekin. Maiz pentsatzen dut horrelakoetan ezinbestez sortu behar dela adierazpen horiek irakurtzen edo entzuten dituzten herritarrengan fikzio-errealitate talka izugarria. Imajinatu aspalditik lanik ez daukan langile bat Lopezen edo Zapateroren diskurtsoa entzuten. Entzuten eta bizitzen ari den egoeren arteko txokea sekulakoa da.

Komunikazio kabinete horiek ondo jabetzen dira kontraesan horietaz; baina, era berean, ondo jabeturik daude jendartearen atomizazioak harremanak eteten dituela, esperientziak ez direla konpartitzen, familiaren zirkulu txikian baino ez dela bizitzen. Hau da, norberaren errealitatea ez dela ikusten beste batzuen errealitate berdinetan islatuta, ez dela errealitate konpartitua, orokorra. Beraz, lanik ez daukan langile horrek, zer pentsatuko du? Seguruenik bera dela herriko tontoena, arazoa berea dela, ekonomia ondo badoa eta berak ez badu suspertze horretan tarterik. Ez nabil ezer deskubritzen, oinarrizko abezea da.

Krisialdian, behintzat, estutasun ekonomikoak komentarioa izaten dira, baina horrelakoak ekonomia «ondo» joan denean ere izan dira ohitura.

Langabezia adierazle bakar moduan erabiltzen da, eta benetan izango luke pisua sortzen diren enpleguek iraungo balute, baina orain datuek gorantz egiteko balio duten 3.000 lagun horiek, akaso, lanean egongo dira sei hilabete barru? Ai, enplegua! Zelan erabiltzen zaituzten, enplegu hutsa langileon helburu bakar bihurtu zaituzte... horrelaxe heldu gara enplegua izan baduen baina pobre izaten jarraitzen duen klase oso bat osatzera.

Beste adierazle ekonomiko batekin poztu da Lopez eta honexek markatu nau gehien: hipoteka gehiago kontratatu dira. Hipoteka pagatzen ari diren eta hipoteka pagatu ezinagatik etxe barik dauden guztiek badakite zelako datu positiboa den hau. Gogora etorri zait AEBetan dorreen kontrako erasoa gertatu zenean Bushek bota zuen mezu bat: herritarrei kalera irten eta dirua gastatzeko gomendatu zien. Horrelaxe funtzionatzen du makroekonomiak... Eskerrak gure Patxi, bere blogean eskegi bezala, «sistemaren kontra» matxinatzen den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo