Miren Zinkunegi eta Agustin Rodrigez Donostiako ezker abertzalea
Erraustegia baimenduna?
Erantzukizun politiko eta pertsonalak argitzeko garaia dela adierazi dugu, eta ziur egon eskatuko dugula argitzeko
Zubietan, Donostiako udalerriaren baitako lurretan, historiaurreko aztarnak dituen eta garrantzi antropologikoa duen muino batean, lehen sektoreko produkzioa ugaria den eremu emankor zabalaren erdian eta milaka pertsonaren etxebizitzetatik gertu inposatu nahi digute erraustegia. Ingurunea hori duela, eta bere jarduerak eragingo dituen kalteak nazioarte osoan ezagunak eta oso arriskutsuak izango direla jakin arren, erraustegi toxikoak Ingurumen Baimen Bateratua lortu izana salatu nahi dugu. Baimena emateko bete beharreko irizpideak erraustegia bultzatzen dabiltzanek ezarri dituzten susmoa ezin da inoren burutik kendu.
Hain zuzen, baimen hau beren proiektuari eman nahi dioten bultzada politiko gisa hartzen dugu Donostiako ezker abertzaletik. Hori frogatu besterik ez du egiten Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu C. Ormazabalek baimen honen publizitatea egin ostean esandakoak, behin baimena jasota, «20 urtean hondakinen kudeaketaren inguruan izan den eztabaida amaitu» dela adieraziz.
Adierazpen honek era berean beste baieztapen bat arrazoitzen du; izan ere, atez ateko sistemaren zabalpen eta emaitza ezin hobeez izu ageri dira erraustegiaren bultzatzaileak. Ez da kasualitatea adierazpen hauek Hernanin eta Oiartzunen alternatiba dela frogatu duen sistema ezarri baino apur bat lehenago plazaratzea. Usurbilgo Itunaren sinatzaileek eskatu bezala, sei urtez atez ateko bilketaren baliagarritasun eta komenigarritasuna frogatzeko aukera izango balitz, ondo dakite erraustegia eraikitzeak ez lukeela inolako zentzurik edukiko.
Eraikitzeak zentzurik ez duela jakin arren, are eta zentzu gutxiago du egungo krisi garaian, eta Zabalgarbiko erraustegiarekin gertatutakoa ikusita, 400 milioi euro erraustegi toxiko honen eraikuntzara bideratzeak. Negozio itzela, aurrez hitzartutako eraikuntza enpresa handientzat, azpiegituraren eraikuntzan, eta negozio itzela ere ondoren erraustegiaren kudeaketan parte hartuko duten enpresa handientzat. Horrelako dirutza beharrezkoa ez dela frogatu daiteke, eta erraustegi toxiko baten eraikuntzara bideratzea Gipuzkoako Aldunditik eta Donostiako Udaletik langile eta herritarroi iseka egitea da.
Zer gertatuko litzateke, C. Ormazabal eta D. Itxaso jaunak, erraustegia eraiki eta urte gutxira ez dela beharrezkoa ikusiko balitz? Eraikuntza gastu eta kalte guztiak itzuliko al litzaizkioke herriari? Nork itzuli beharko lituzke? Zuen alderdiak prest egongo lirateke ardura hori beren gain hartzeko?
Donostia gobernatzen dutenek hirigintzan duten jokamoldea errepikatu nahi da hemen. Esaterako, San Bartolomeko kasuan, batez ere eraikuntzari eragiten dion krisi garaiotan eta salduko diren ziurtasunik gabe, izugarri garestiak izango diren etxebizitzak eraikitzeko ondare publikoa hipotekatu nahi da. Saldu gabe geratuko balira, nork ordainduko luke guztion ondareak jasandako galera?
Erantzukizun politiko eta pertsonalak eskatzeko garaia dela adierazi dugu duela gutxi, eta ziur egon eskatuko ditugula.
Hondakinen kudeaketa osasuntsu eta eraginkor baten bidean, 180.000 olatu behar ditugu Donostialdea eraldatzeko.