GARA > Idatzia > Kultura

Patxi Huarte «Zaldi Eroa» marrazkilariaren «De Rerum Natura 3» kalean da

p051_f03_91x60.jpg

A. ABARIZKETA | DONOSTIA

«Egunero umorea egitea oso zaila da, baina Patxi Huartek sotiltasunetik eta maitasunetik» sortzea lortzen duela dio Dani Faro «Xabiroi» aldizkariko zuzendariak. Patxi Huartek (Faltzes, 1966), Zaldi Eroa ezizenez ere ezagutuak, umoretsu aurkeztu zuen atzo «De Rerum Natura» sortako hirugarren bilduma (Elkar). Azken bi urte eta erdian «Berria» egunkarian ateratako komiki-tiren antologia da liburua.

Protagonistak, ondo ezagunak bere eguneroko jarraitzaileentzat, hala nola: Napoleon Lopez, normalizatzaile nagusi bihurtu nahi duena; Braveheart Ibarretxe, bere kontsultarekin bai baina ez dabilena; eta Josu Jon Imaz, espainiarrek hainbeste liluratzen dutena. Baina horiez gain, badira beste batzuk ere, berriak: Azken Antxoa, elkarrizketa ekologikoa egiten; edota Eitbko mapa, esate baterako.

Patxik bere burua «narratzailetzat» du eta kazetari izateari ere gustu hartzen hasia da. Kontakizunak ondorioetan pentsatu gabe egiten ditu, «errazkerian erori gabe».

Patxi Huartek umorea aipatu zuen, eta «surrealismo puntu bat» duela esan, izan ere, nahiz eta kontu latzez aritu, umorez eginez gero, errazago irensten dela azaldu zuen. Bestalde, testua eta irudia konparatuz, «marraztutakoa ikustea askoz gogorragoa» dela adierazi zuen, beraz, zenbait gai jorratzea gogor samarra egiten zaiola.

Xabier Mendiguren editoreak, «De Rerum Natura»n «Zaldi Eroaren erakusgarri on bat dagoela» argitu zuen eta pertsonaien «eboluzio bat» nabaritzen dela.

Sei urtez egunero idazten aritzearen ondorio dira, «De Rerum Natura»ren hiru bildumak. Mendigurenen hitzetan, «barre egiten eta gozatzen jarraitzeko» aukera paregabea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo