GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Heriotza

 

Heriotza beti dago atzean, hegalean kuzkurtuta, gu antzeztaulan eta bera basckstage-an ezkutatuta, antzezleen jarduna noiz amaituko zain. Badakigu aiduru dugula, badakigu antzezlana noizbait amaitu beharra dagoela, gauzak antzerkiaren fikzioan bakarrik direla betierekoak eta, hala ere, hura ez balego bezala jarduten dugu. Heriotza esperoan dugula presente baganeuka blokeatuko ginateke eta.

Bizitzaren antzezpen platonikoan (Platonen kobazuloko irudikapenean) heriotza izan badenik enoratu egiten dugu, ahaztu, eta une oro jokatu egunen etorria etengabea balitz bezala, etenik gabeko katean. Bizitza planifikatzen dugu bidaia luzea planifikatzen dugun moduan: istripuari lekurik eman gabe, heriotza ez baitugu kontuan hartzen proiektuak egin unean.

Igandean beilan egon nintzen hilzorian den osabaren ondoan eta astelehenean Joxean Ormazabal betiko joan dela jakin genuen. Heriotza, backstage-tik antzeztokira etorria ezustean.

Istripuak edo ezusteak kolpatzen gaitu, eta kolpearen uhinak bortizki astintzen gaitu behatzetatik burugaineraino. Baina gogorragoa egin zait ikustea nola joaten zaion bizia osabari, nola heriotzak ebasten dion bizitza gizon irribarretsuari. Kolpatu nau antzemateak zelan hedatzen den oraindik bizirik iraun nahi duen gorputz gaixotuan. Gorpu bihurtu arte. Heriotza ankerra, bihozgabea, bera eta bakarrik bera protagonista izan guran.

Osaba ohean ikusita gogoa sentitzen da planifikatzeko noiz utzi bizitzeari, noiz arte iraunarazi bizia, eta noiz zabaldu atea hegalean zelatari dagoen Herioari. Datorrela datorrenean, baina ez dadila nire bizitzan instalatu bizirik nagoen artean.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo