GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskola Kontseiluaren funtzioa ez da estetikoa

Eskola Kontseilua gobernuaren eta hezkuntza komunitatearen arteko zubi-lana egiten duen organo autonomoa da, eta haren funtzioa ez da gobernuaren proposamenak -gobernuan den alderdia edozein dela ere- besterik gabe txalotzea ez errefusatzea, baizik eta haren egitasmoen gaineko irizpide pedagogikoak agertzea -irizpide horien arabera balioetsi behar baititu proposamen horiek- eta eragileen arteko akordioak lortzen laguntzea. Uste izatekoa da, halaber, Gobernuak funtzio garrantzitsu hori errespetatu egin behar duela. Eskola Kontseiluak, beraz, sektarismo orotatik urrun jardun behar du, eta hala izatea bermatu behar luke Gobernuak. Hala ere, nekez beteko du beharrizan hori gobernu batek ezarri nahi duen ildoaren ardatza, hain zuzen, sektarismoa denean.

Eskola Kontseiluaren izaera errespetatu ezean, zein da haren funtzioa? Estetika kontu hutsa ote? Gobernuaren «konfiantza osoa» izateak hark hartzen dituen edozein erabaki ontzat jotzea esan nahi badu, zertarako nahi du? Lakuako Gobernuak esandakoaren arabera, ordea, Konrado Mugertza Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea kentzea ez da konfiantza kontua, «aldaketa normala» baizik. Zoritxarrez, arduradun politikoek hezkuntza edota beste hainbat arlotako adituen irizpideak zoko-betegarriak izatea normaltzat jotzeko joera dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo