GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Bera korrika zer-nola dabilen ez dakit-eta, aizkoran eutsi behar diot»

p044_f02.jpg

 
Xabier Zaldua
Aizkolaria

Xabier Zalduak ere bere lehen apustua jokatuko du Ander Erasunen aurka datorren igande eguerdian Azpeitiko zezen-plazan. 32 urteko Zumarragako kirolari honek oso ongi prestatuta dagoela dio, orain dela hilabete pasatxo marka ahalegin bat egin baitzuen. Berak garbi dauka aizkoran eutsi egin behar diola, ez baitaki nafarrak korrika zenbat egiten duen.

Nola sortu zen Erasunen deiari aurre egiteko asmoa ?

Bueno, kanako bat aizkoraz moztu eta Izazpi mendira korrika joan eta etorri marka bat egiteko prestatzen ari nintzen, eta ongi geundenez, aurrera egitea erabaki genuen.

Jendeak ezustean hartu zuen zu joatea, aurkaria Arria edo Rekondo izan litezkeelako ustea baitzegoen. Propio joan al zineten goiz desafioa botatako lekura?

Ez. Hara, ni eta nire laguntzaileak erabat eskarmenturik gabeak ginen apustu mundu honetan. Erabaki genuen joan behar genuela, eta goiz joan ginen, baina besterik gabe, ez baikenekien honek nola funtzionatzen zuen. Arria joatekoa zela entzuna nuen, baina besterik gabe. Behin han ginela, esan zuten lehenengo iritsi zenarekin hasiko zirela hizketan, horrela egiten zelako, eta ados jarri ginen eta aurrera, apustua egin genuen.

Apirilaren hasieran egin zenuen marka ahaleginarekin bateragarria al da apustu hau?

Baietz uste dut, nahiz eta lanak ezberdinak izan. Aizkoran egur asko moztu dut, eta korrika berriz, mendira joateko hanketan indarra hartzen da, eta azkeneko aste hauetan, berriz, abiadura landu dugu.

Zure helburua ze izango da, aizkoran eustea?

Bai. Bera inork ez du ikusi korrika, beraz ez dakigu zenbatean egingo duen. Hemen gerorako ez dago ezer uzterik, gero zezen-plazan pasatzea zaila izaten da, eta aizkoran ere parean aritu nahi dut. Orain dela bi urte neurtu ginen, Hirugarren Mailako kanporaketan, eta alde handia kendu zidan, baina orduan hasi berri-berria nintzen, eta ordutik uste dut nik ere dezente hobera egin dudala.

Nolakoak izango dira zuk eraman behar dituzun enborrak ?

Enbor onak. Nik uste dut zailak eramatea kalterako dela denentzako, lana luzea baita, eta horrekin ez zaio inori mesederik egiten, ezta eramaten dituenari ere. Dena dela enbor onekin eta txarrekin ere arituta nago, eta horrek ez nau kezkatzen.

Zenbat denbora beharko duzue lanak amaitzeko?

Zaila da esatea, ez baitakigu Erasunek nolako enborrak eramango dituen. Dena dela nik uste dut 60 minututik 70 minutura, tarte horretan amai ditzakeela lanak norgehiagoka irabazten duenak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo