«Apustua irabazteko, aizkoran atera beharko diot alde apur bat»
Ander Erasunek 20 urterekin jokatuko du bere lehen apustua. Etorkizun handiko aizkolaria da, baina oraingoan korrika ere egin beharko du. Hasteko hamar kana-erdiko moztu, eta ondoren beste horrenbeste kilometro korrika egin beharko baititu.
Dezente kostata, baina azkenean lortu duzu apustu bat gauzatzea.
Bai. Aurretik beste bi desafio ere bota nituen, baina inor ez zitzaidan agertu, eta azkenekoan, berriz, lau agertu ziren. Aspalditxoan nenbilen apustu bat jokatzeko asmoarekin, eta azkenean jokatuko dut.
Azkenean gutxien uste zenuenaren aurka jokatuko al duzu apustua?
Horrela da. Nik desafioa bota nuenean esan zidaten Arria joatekoa zela, eta akaso besteren bat ere bai, eta apustua egingo nuelakoan joan nintzen. Gero Xabier agertu zen, ia ezagutu ere ez nuen egiten, baina bera iritsi zen lehenengo, eta ados jarri ginenez, haren aurka jokatuko dut.
Jendeak dio oso ezberdina dela apustu bat prestatu edo txapelketa bat prestatu. Zuk nabaritu al duzu aldaketarik?
Bai. Ikusten dut apustua beste gauza bat dela, inguruan askoz ere jende gehiago dabil, eta jadanik nerbioak ere hasi dira agertzen.
Aizkoran eta korrika bota zenuen desafioa, beraz pentsatzekoa da zezen-plazan korrika ibili zarela. Nola moldatu zara?
Gehienbat leku zuzenetan ibili naiz korrika, eta zezen-plazan, berriz, pare bat aldiz aritu naiz, eta egia da dezente gogorra egin zaidala. Igandean ikusiko dugu nola moldatzen naizen.
Badirudi aizkoran atera behar diozula aldea. Zuk ere hori uste al duzu?
Pentsatzen dut korrika ni baino gehiago izango dela, eta garbi daukat aldea aizkoran atera behar diodala, bestela apustua irabaztea nahiko zaila izan dezaket, eta saiatu behar dut hamar kana-erdiko horietan ahalik eta alderik handiena ateratzen.
Badirudi dirua nabarmen aterako dela zure alde. Lehen apustua izanda, horrek presioa gehitzen al dizu?
Diru kontuak ez nau gehiegi kezkatzen, azkenean dirua alde edo aurka izan irabazteko lana berdin egin beharko baita, eta uste dut ez nauela kezkatu behar jendeak noren alde jokatzen duen. Bestalde, gertatzen da, bera nahiko aizkolari ezezaguna dela, ni gehiago ezagutzen nautela, eta uste dut jendeak erreferentzia hori darabilela dirua jokatzeko garaian, baina agian hori da gutxien kezkatzen nauen gauzetariko bat.
Enborrak erdibana eraman behar dituzue. Nolakoak izango dira zureak?
Etxean dauzkagunak eramango ditut. Ez dira egur txar horietakoak, baina bai eman beharrekoak, horiexek dauzkat eramateko moduan, eta horiekin joan beharko dugu plazara.
Betiere, enborrak hartu beharko dira kontuan, baina zenbat denbora uste duzu beharko duzuela saioa amaitzeko?
Ez dakit, azkenean enborrak nolakoak diren ikusi behar, eta gero bien arteko dema nolakoa den ere kontuan hartu beharko da, azken batean bietakoren batek erraz egiten badu aurrera eta behartu beharrik ez badauka denbora gehiago pasa baitezake amaitzeko, baina nik uste dut 70 minuturen bueltan ibiliko dela garaipena lortzen duen aizkolaria. Jon LEUNDA