GARA > Idatzia > Mundua

Frankismoaren krimenak iker ditzala eskatu diote NBEn Estatu espainolari

Nazio Batuen Erakundean giza eskubideei buruzko azterketa egin zioten atzo Madrili, eta diagnosi bat egin ostean, Latinoamerikako zenbait herrialdek eskatu zioten 1936ko gerran eta Francoren errejimenean izandako hilketak ikertu eta ondoriozko neurriak har ditzan.

GARA

Estatu espainolean giza eskubideak zein egoeratan dauden aztertu zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Genevan (Suitza) eginiko batzarrean, Latinoamerikako hainbat herrialdek deia egin zioten Madrili, frankismo garaiko hilketa eta desagerpenak iker ditzan eta biktimei kalte-ordainak eman diezazkien.

Francisco Franco jeneralaren diktadurak eragindako genozidioa mintzagai izango zutela aurrez ikustekoa zen, Estatu espainolak horiek ikertzeari jarritako trabek hautsak harrotu dituzte-eta nazioartean, prentsan oihartzun nabarmena lortuz.

Hala, Argentinak, Mexikok, Kubak, Kolonbiak eta Peruk atera zuten gaia, bakoitzak bere ñabardurarekin.

Nazioarteko betebeharra

Ordezkari argentinarrak zigorgabetasunari aurre egiteko mekanismoak indartzeko eskatu zuen, eta bozeramaile mexikarrak, berriz, «behartutako desagerpen delituak ikertu, zigortu eta erreparatzea» gomendatu zion Madrili, nazioarte mailan dagozkion betebeharrei jarraiki, eta delituok noiz egin ziren kontuan hartu gabe.

Kuba itxaropentsu azaldu zen «familiek biktimen gorpuak identifikatu eta deshobiratzeko hartu diren neurri urriak indartu daitezen», eta ohartarazi zuen beharrezkoa dela «gizateriaren aurkako krimenen arduradunek izan duten inpunitateari amaiera ematea».

Kolonbiako ordezkariak «Memoriaren Legearen ezarpenean aurrerapausoak ematen jarraitzeko» gomendioa egin zion Estatu espainolari, «egia oinarrizko eskubidea delako giza eskubideen urraketa larrien biktima izan direnentzako», eta Peruk ere biktimen aldeko aurrerapausoak eskatu zituen.

 
MIGRAZIOA

Langile migratzaileei buruzko NBEren hitzarmena sinatzeko aukera ikertzen ari dela esan zuen Estatu espainolak. Itunak ez du etorkinen sarrera legez kanpokotzat jotzen eta, oraingoz, herrialde europarrek ez dute sinatu.

En la web

El documento íntegro se puede leer en el sitio:

www.gara.net

y descargarlo directamente desde el enlace:

www.gara.net/agiriak/20100505_garzon.pdf

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo