GARA > Idatzia > Ekonomia

Kutxaren zuzendaritzan EAJk aniztasuna baztertu duela salatu du Banatuz-ek

GARA

Joan den astean Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kide berriak aukeratzeko batzarra egin zuen Kutxak. Banatuz taldeak gogor salatu zuen atzo prentsa ohar baten bidez «merke» atera zaiola EAJ alderdiari Batzar Nagusian kontseilari gutxiago lortu izana. Izan ere, Aralarri eta Ezker Batuari (EB) utzitako «postu pare baten truke» Administrazio Kontseiluan gehiengo zabala izaten jarraituko du EAJk, eta, hala, «orain arte bezala, erakundea bere interes ekonomikoen arabera zuzentzen eta prebendak banatzen jarraituko du». Funtsean, EAJ Kutxan aniztasunik egon ez dadin ahalegintzen dela dio Banatuzek.

Izan ere, 43 kontseilarietatik EAJk 15 lortu bazituen, Banatuzenak 12, PSOErenak 9 eta CCOO sindikatuarenak 7, «nola da posible Administrazio Kontseiluko zortzi ordezkariak EAJk izatea?», galdetu zuen. «Hori Kutxa plural bat dela uste al dute?».

«Argi dago EAJ eta Hamaikabatek (berdintsuak direnak) erakundea zuzentzen jarraitu nahi dutela», adierazi zuen Banatuzek. Aralarren eta EBren jarrera berriz gogor gaitzetsi zuen. Horien bozek Banatuzi proportzioz zegozkion bi ordezkariak Administrazio Kontseiluan ez egotea eragin dutela aurpegiratu zien: «Hau al da herriari hitza emateko era?».

Era berean, Batzar Nagusiko indar korrelazio berriak Kutxa sortu zenetik indarrean egon den egoera aldatzea ahalbidetzen zuela baieztatu zuen Banatuzek. «Ideia eta proposamen aurrerakoiagoak egiteko agertokia sortzea» posible zela baieztatu zuen, baita gizarteko beste sektore batzuentzat onuragarriak izango liratekeen erabakiak hartzea ere.

Bestalde, batzarra hasi aurretik CCOO sindikatuarengana jo zuela azaldu zuen Banatuzek, baina honek ez zuela eurekin hitz egin nahi izan; CCOOk 2008an Kutxako Administrazio Kontseiluan erakundearen aniztasuna islatu zedin proposamena aurkeztu zuela gogorarazi zuen. «Hain justu, pluraltasun horretaz hitz egiteko ez zuen gurekin bildu nahi izan», kritikatu zuen.

Irabazi sozialak

«Kikildu» beharrean Kutxak interes ekonomiko zehatz batzuen «txokoa» izaten jarrai ez dezan lanean segiko duela berretsi zuen Banatuzek. Alde horretatik, «irabazi sozialak Gipuzkoako herritar guztiengana irits daitezen», babes gutxien duten gizarteko sektoreei, aurreztaile txikiei, etxebizitza propiorik ez dutenei nahiz industria sareari zuzenduriko ekimenak bultzatuko ditu. Azkenik, Kutxa plural batek alde guztietako iritziak bildu behar dituela aldarrikatu zuen, «baina ez batzarretan bakarrik, baita zuzendaritza organoetan ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo