Danbor hotsez, Lakuak laguntza sozialak murritu izana gaitzetsi dute Bilbon
GARA
Sukaldariz jantzita eta danbor bana soinean, dozena bat lagunek Donostiako danborrada eraman zuten atzo Bilbora, Gasteizko Gobernuaren ordezkaritza parera. Sarriegiren Martxa joz, «murrizketa sozialen musika» alde batera utz dezaten eskatu zieten Bizkaiko hainbat eragile sozialek Gasteizko Gobernuko arduradunei, eta gogor salatu zuten Lakuak babes sozialera bideraturiko aurrekontua murriztu izana. Biztanleria aktiboaren inguruko azken inkestaren datuak ezagututa kezka azaldu zuten langabezian daudenen egoeragatik, baita hilabete bukaerara iristeko zailtasun larriak dituzten milaka familien egoeragatik ere.
Lanik eta prestaziorik gabe
Egun, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 138.000 langabe daudela azaldu zuten eragileek, duela hilabete baino 1.000 lagun gehiago. Era berean, 48.000 pertsonak lanik gabe egon arren ez dutela inolako prestaziorik jasotzen adierazi zuten.
Horrez gain, 2009. urtean 1.255 familia euren etxeetatik bota zituztela azaldu zuten. Azken datu gisa, eta Lakuako Gobernuak berak zabaldu dituen datuak gogora ekarriz, 890.000 pertsonak prekarietate egoeraren bat bizi dutela eta hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituztela azaldu zuten.
Finean, ekimen horrekin, krisi ekonomikoa denean, «laguntza sozialak inoiz baino beharrezkoagoak direnean», Lakuako Gobernuak laguntza horiek murriztea erabaki duela salatu zuten.