GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello Zabala | eguraldi aditua

Apirila ala maiatza errudun?

Apirilaren ekarri faltsuaz gustatuta zegoen jendea. Hau da asaldaketa! Hau nahasmena sortu duena maiatz bedeinkatuak putzu egin digunean! Elurra mendian? Ia urtero. Arantzazun bertan, azken 45 maiatzetatik 39tan egin du mara-mara. Zuritu, lautatik behin.
 
«Abril, abril, uno bueno entre mil, de cien en cien años debieras venir!», esan ziotsaten Gaztela aldetik. Aspertuta zuen laborari jende gehiena. Ehunetik behin behar genukeela apirila? Egia da, aurten bertan egin dituela triskantza makurrak beste lurralde batzuetan. Azken 45 urteotan aipatutako uno bueno entre mil proportziotik urrun, gurean askoz hobeki portatu izan da: bi apiril izan ditugu aurtengoa baino lehorragoak. 1982an 27,3 litro eskas, eta 1997an, 38,5. Batez beste utzi digutena 179 litro izan da. Aurtengoan, ia 130 falta izan dira.
Noski, martxoa bera ere, lehen asteko elur-hautsekiko elurte xelebrea kenduta, apirilaren kideko portatu zaigu, eta azken 56 egunen ekarri bustia, aste honetako astelehen-asteartekoen bien artean osatu eta pasa egin dute. Ia bi hilabetetako 113 litroak, 48 ordutan gainditu dituzte, litrotxo batez, 114ko kopuru oparoa utziz. Ez da batere kexu Arantzazuko arroko erreka: harro-harro, hazita, bulartsu doa harri artean orroka. Ahantzia ere bai baikenuen, urtarrileko San Anton egunetik. Orduantxe ezkutatu zen, abisurik utzi gabe, urtarrilean 13-14ko 70 litrodun erauntsi gordinak medio, kontu-kontari jaitsi baitzen hiruzpalau egunetan.
 
Baina, hara! Gu zuntzun-tuntunok baino zentzudunagoa izan nonbait Natura, eta landarediak hain beharrezkoa duen uraren partizio koskak berdintzen badakienez, hortxe ekarri dizkigu litro eder askoak, maiatza abiatu orduko. «Cuando marzo mayea, mayo marcea» aspaldi antzeman zioten laborantzako gizon-emakume sufrituek. Esker ona agertu ere bai, beste honakoa maiatzean para ziotenean: «Nunca por agua es mal año».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo