GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Ez gara hamalau izango

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Lagun batek esan dit EHn sonako musikari izateko inbidia dela nahitaez garatu beharreko ahalmen nagusia. Horrekin pozik geratu ez eta zera gaineratu du: «badakizu zein den EHko musikarien kirol nazionala?... beste musikariak larrutzea....» . «Almanac Singers, Red Wedge...» erantzun diot neuk segidan. «Badira musikariak gremio gisara hain insolidarioak ez garenaren adibideak». «Baita EHn ere? Ez Dok Hamairu?» bota dit galdera, erantzuna pentsatu behar izan dut. Aipatu besteen kutsu proletario eta iraultzailea faltan bazuten ere helburu kultural eta `politikoak' zituztelarik. «bai, Ez Dok Hamairu ere bai» erantzun diot.

Laguna joan eta orduan etorri zait benetan zalantza burura, 60ko hamarkadara jo behar dugu EHko musikarien azken `elkarte aktibista' topatzeko? Eta ondorengoak? Donosti Sound, Getxo Sound, RRV... zer izan dira? Saltzeko eta artistak ezagutzera emateko `amarruak' besterik ez.

Orduez geroztik, kausa artistikoaz aparteko euskal musikarien `konpromezua' zalantzan jarri ezin den moduan. Agerian dago, lotura puntualez gain (jaialdiak, manifestuak, kanpainak..), ez dela izan gurean musikariak kausa baten atzean modu iraunkorrean lotu dituen elkarterik.

Egia da askotan aldarri egitea politikoki zuzena ere gertatzen denez, `fartsante' asko aritu dela, patrika goxatzen zuen bitartean, gure belarriak ustez mundua aldatuko zuten mezuen bidez zigortzen. Baina egia da, musikari batzuk badirela bere inguruak kezkatu eta bertan eragiteko moduak saiatzen dituena, bai musikari eta baita herritar gisara ere. Haiei egin nahi diet hurrengo galdera: noiz elkartuko gara?

Agian ohitu egin gara, baina euskal herritar, euskal musikari eta pertsona gisara gure eskubide zibil eta politikoek bizi duten `salbuespen egoera jarraituak' ez al du merezi biltzerik? Noiz elkartuko gara?

Arteak ez gaitu salbatuko, osa dezagun elkarte aktibista bat, molde zaharreko elkartea. Aldarrikatu, irauli, grina azalerazteko, elkartu gaitezen ohituraren aurkako txertoak banatzeko, apatiari muzin egiteko, autoestima sendotzeko, lan egiteko.....

Ez gara modernoenak izango, ezta kultuenak ere, ez gara aberastuko eta komunikabideek ez ikusiarena egingo dute... noiz elkartuko gara? Arteak ez gaitu salbatuko, ez gara hamalau izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo