Nafarroako irakaskuntzarako ituna, batere lotsarik gabe, ez dela betetzen salatu du LABek
2007an sinatu zuten ituna STEE, CCOO, UGT, AFAPNA eta CSIF sindikatuek UPNren Gobernuarekin. LABek baieztatu du, ordea, «sistematikoki» ez dela bete, eta sindikatu sinatzaileek ezer ez egitea kritikatu du.
GARA | IRUÑEA
2007. urtean STEE, CCOO, UGT, AFAPNA eta CSIF sindikatuek «Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna» sinatu zuten UPNren Gobernuarekin. LAB sindikatua itunaren aurka zegoen, eta ez zuen sinatu. Zentzu honetan, «asmatu egin genuela egiaztatu da», adierazi zuen atzo Iruñean.
Sindikatuak azaldu zuenez, bi arrazoi nagusigatik baztertu zuen ituna. Batetik, «gaur egun ingelesez ikastea zein beharrezkoa eta modernoa den» argudiatuta itunak euskarazko irakaskuntzaren aurkako jarduna sakontzeko balioko zuela susmatu zutelako. «Eta halaxe izan da», esan zuen atzo.
Era berean, irakaskuntzara bideraturiko aurrekontua handitu ezean, itunak jasotzen zituen proposamen ugari ezingo zirela garatu ohartarazi zuen LABek 2007an. «Eta halaxe gertatu da», adierazi zuen beste behin. Besteak beste, itunak irakasleen saioak 23tik 22ra murriztu eta 300 irakasle berri kontratatzea jasotzen zuen.
Zentzu honetan, LABek gogor salatu zuen egunkarien bidez izan duela ituna sinatu zuten sindikatuen eta UPNren Gobernuaren arteko azken «trikimailuen» berri. Hala, eta egunkarietako informazioa oinarri hartuta, STEE, CCOO, UGT, AFAPNA eta CSIF sindikatuek Nafarroako Gobernuko bozeramaile Alberto Catalani, «azoka trukea» bailitzan, 300 beharrean 150 postu sortzea proposatu diotela azaldu zuen. «Hala ere, kontseilari eskuindarrak antzarak ferratzera bidali omen ditu», esan zuen.
Funtsean, UPNren Gobernuak emandako hitzak ez duela «inolako sinesgarritasunik» argi geratu dela nabarmendu zuen LABek. «Kazike ohituradun buruzagi politiko hauek prentsan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialen argitaraturiko ituna ez betetzeko inolako lotsarik ez dutela erakutsi dute», salatu zuen sindikatu abertzaleak.
2007. urtetik itunak izan duen bilakaeran sindikatu sinatzaileen jarrera gainera «benetan salagarria» dela baieztatu zuen. Lehenik, orain hiru urte, UPNko Gobernuari lau urteko «bake soziala» «oparitu» ziotelako. Bestetik, urte hauetan zehar eta itundu zutena sistematikoki bete ez dela ikusita, sindikatuek ez dutelako ezer ez egin.
LABek adierazitakoaren arabera, «itunaren lau urteko iraunaldia (eta ez betetzea) igaroko da eta sindikatu hauen jardunak ez die Hezkuntza Saileko arduradunei buruhauste txikiena ere eragingo».
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza sistema publikoan mobilizazioak antolatuko dituzte datozen egunetan ikastetxeetako langileen lan baldintzen hobekuntza exijitzeko, atzo prentsa ohar baten bidez adierazi zutenez.
Hiru sindikatuek azaldu zutenez, unibertsitate kanpoko irakasleen lan baldintzak adosteko negoziazio prozesuak bizi duen egoeragatik erabaki dute mobilizazioak antolatzea. Zehazki, lau hilabetetan zehar bilerak egiten aritu ostean Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak sindikatuei aurkeztu dien proposamena «argi eta garbi» nahikoa ez dela baieztatu zuten, besteak beste, Hezkuntza Sailak «irakasleen lan baldintzak nahiz ikastetxeetako baliabideak murrizteko neurriak» mahai-gaineratu dituelako.
Gaur emango dute sindikatuek datozen egunetan burutuko dituzten mobilizazioen berri zehatza. GARA