GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Dracula, gogoan zaitugu!

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Banpiroak modan daude, zinez. Ez naiz hitzaren irudizko adieraz ari, ordea. Odola xurgatzen diguten banpiro gorbatadun atseginak politologo «transbertsalak» baino ugariagoak dira-eta ETBko eguraldiaren mapak argiztatzen duen Aldaketaren Inperioan betidanik. Banpiro otzanagoez ari naiz. Neskatila xaloei letaginak lepoan iltzatzen dizkieten maitale postmodernoez, alegia. Zinemako banpiro xarmangarriez.

Denboraren ozeanoetan galdu zen aspaldi Nosferatu. Foiletoi venezuelarretan ageri diren galaiak baino zaharkituagoak daude Bela Lugosi eta Christopher Lee. Eta, Gary Oldman, berriz, irrigarria omen da. Banpiro modernoak askoz erakargarriagoak dira, antza. Gazteak, metrosexualak eta ederrak oso. «True Blood» telesailekoak bezalaxe. Ray Ban eguzkitako betaurrekoak daramatzate eta enlatatutako odol artifiziala edaten dute. Zertarako kosk egin, bada? Birgizarteratzea dute xede. Hain dira zibilizatuak!

Azken urteotan zinema klasikoan zuen lilura galdu du banpiroak, egiazki. Politikoki zuzena bihurtu da. Bilboko Fant jaialdian estreinatu berri den «Cirque du Freak: The Vampire's Assistant» (2009) erdipurdikoan, esaterako, gizakien odola edateari uko egiten dio banpiro protagonistak. Banpiro politikoki zuzenaren paradigma, baina, «Twilight» sagako Edward gatzgabea da. Serraten kanta ezagunaren banpiro abstemioa izan zitekeen, hain kontserbadorea ez balitz. Ez da harritzekoa, inolaz ere. Neo-con banpiroen sortzaile baita Stephenie Meyer idazlea. Eta, noski, bere balore kerratuak «Twilight» sagako film nahiz pertsonaia guztietan ere islatzen dira. Hala, Edward eta Bellaren arteko amodio melengak aldarean bukatuko du azken atalean. Eta, orduan, soil-soilik, gozatu ahal izango du sexuaz bikote puritanoak. Maitasun ezinezkoaren pasiorik ez dago, ostera. Bekatuaren morborik ez. Ezta sentsualitate zantzurik ere. Arrakasta komertzialak, tamalez, banpiro politikoki zuzen eta kontserbadoreen izurritea zabaldu du zineman zein telebistan; mezu atzerakoien bitartez banpirizatuz gazte-nerabeak. Neo-con banpiroak zurbilak, abstemioak eta aspergarriak dira. Eta, gainera, ez dute sexua maite. Banpiroak ez balira, Opuseko numerarioak direla esango genuke, alajaina! Horrexegatik, benetako banpiroa -banpiro maltzur, lizun, odolzale eta erromantikoa- arrisku larrian da. Desagertze bidean. Salba ditzagun benetako banpiroak. Baleak bailiran. Eman iezaiezue odola, otoi... Dracula, gogoan zaitugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo