GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kontserbadurismo «progrea» eta laborismo eskuindarra lehian, liberalen herrialdean

Berez, Britainia Handia estatu liberala dela esan daiteke. Baita kontraesankorra ere. Askatasunaren eta ordenaren arteko gatazka iraunkorrean bizi dira bertako herritarrak eta agintariak, ideia mailan eta errealitatean kontraesankorrak diren eztabaidak etengabe ematen. Aristokraziaren eta monarkiaren indar sinbolikoa -bere formalismo guztiarekin- kontraesankorra da, adibidez, kultura mailan bertan ematen den bizitasunarekin. Beste alde batetik, britainiar herritarrek ez dute nortasun agiririk, baina ziur asko kontrol sozial handiena duen herrialdea da. Sarri diskurtso intelektual zorrotzenak kirolak eragindako pasio indartsuenekin egiten dute topo irlotan... Esan bezala, oso liberalak dira britainiarrak, baina aldi berean «ordenuko jendea» dira. Horregatik, beste gauza batzuen artean, zaila da hauteskundeetan aurreikuspenik egitea. Zentzu batean liberalak nagusi izan arren, hauteskundeen helburua alderdiak nagusi diren sistema politiko baten barruan agintariak hautatzea baita, ez soziologiako tratatu bat idaztea. Eta hor laboristek eta kontserbadoreek abantaila dute, ez ikuspuntu liberal eta ez ikuspuntu demokratiko batetik egokia ez den sistemaren abantaila, hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo