GARA > Idatzia > Mundua

Goodluck Jonathanek hartu du Umaru Yar'Adua Nigeriako presidente zenaren kargua

Hauteskunde erreforma, ustelkeriaren aurkako borroka eta Nigerreko Deltan bakea hedatzea lehentasuntzat jo zituen Jonathanek, bihotzeko arazoen ondorioz zendu zen Yar'Adua agintariaren ondorengoak.
p017_f01_148x092.jpg

GARA | ABUJA

Goodluck Jonathanek, Nigeriako aldi baterako presidente zenak, kargua zin egin zuen eta, hala, Afrikako herrialderik populatueneko bosgarren presidente zibil bilakatu zen, Umaru Yar'Adua lehendakariaren heriotzaren biharamunean.

Yar'Adua agintaria 58 urte zituela zendu zen asteazken gauean, bost hilabetez eginkizun publikotik aldentuta izan duen bihotzeko arazoei lotutako gaixotasun luze baten ondorioz. Atzo eman zioten lur Katsinan (iparraldea), bere jaioterrian.

Zin egiteko zeremonia Abujan egin zen, Presidentetzaren egoitzan, eta Justizia ministroa, Mohammed Bello Adoke, izan zuen buru. Exekutiboko ministroek, estatuetako gobernatzaileek eta enbaxadoreek ere parte hartu zuten ekitaldian.

«Zorroztasunik handienarekin bilatuko dugu ondo gobernatzearekin, hauteskunde erreformarekin eta ustelkeriaren aurkako borrokarekin daukagun konpromisoa betetzeko bidea», esan zuen petrolio ekoizpen handiko Bayelsa eskualdeko (hegoaldea) gobernatzaile izandakoak, kargua hartu ostean.

Nigerreko Delta

«Era berean, Nigerreko Deltan bakea eta garapena bermatzeko ahaleginak, eta bizitza zein jabetzak herrialde osoan bermatzeko lanak izango dira lehentasun nagusiak legegintzaldia amaitu artean [datorren urteko apirilean]», gaineratu zuen.

Nigerreko Delta petrolio eremu emaritsua da eta hainbat matxinatu taldek borroka armatua baliatzen dute petroliotik eratorritako aberastasunaren kudeaketa hobea exijitzeko.

Umaru Yar'Aduak presidenteak inguru horretako matxinatuei amnistia eskaini zien, armak uzteko prest agertuz gero, eta haren ekimenak atxikimendu handia lortu zuen eta nabarmen lagundu zuen Delta inguruko indarkeria mailak behera egin zezan. Prozesuaren geldotasuna dela-eta, Nigerreko Deltaren Emantzipaziorako Mugimenduko (MEND) kideek petrolio enpresa handien aurkako erasoak hasi dituzte berriz.

Atzo MEND taldeak ere goratu egin zuen Yar'Aduaren ibilbidea eta Jomo Gbomo bozeramailearen bidez, «bakegizon» izandakoa ohoratu zuten.

«Presidente gisa zuen umiltasuna ez da batere ohikoa agintari afrikarren artean», esan zuen.

Amnistia eskaintzea «lehen pauso ausarta izan zen, baina tamalez, Gobernuko funtzionario ustelen erruz hautsi zen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo