GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

FANT kutsatu dute Pastor anaiek, eta ordainetan Fantrobia saria jasoko dute

Alex eta David Pastor anaiek jasoko dute aurten Fantrobia saria, zinema munduan etorkizun oparoa izateko trazak dituztenentzako saria. Anaia katalanek «Larutanatural» film laburrarekin sekulako arrakasta erdietsi, eta eskaintza jaso zuten Hollywoodetik bertatik, AEBetan lehen luzea grabatzeko. Gaur iluntzean izango den ekitaldian jasoko du saria dagoeneko Bilbon den Alex Pastorrek, eta Hollywooden zuzendu duten «Infectados» emango dute gero.

p041_f01_097x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko zinema fantastikoaren nazioarteko jaialdia azken txanpan sartua da. Gaur, «Left Bank» emango dute bertan, Sail Ofizialeko azken filma. Eta Fant Laburrean saileko film laburrak emango dituzte gauez, jarduna ixteko. Tartean, aurtengo Fantrobia saria emango diete Pastor anaiei, «Larutanatural» laburra eta «Infectados» luzea bota aitzin.

Larunbatean izango dira sari banaketa nagusia, Nontzefilmak ekitaldia eta Duncan Jones zuzendariaren «Moon» filma. Saritutako lanak ikusteko aukera izango da igandean, bi kutixiarekin batera: Aldrichen «¿Qué fue de baby Jane?» eta Hitchcocken «Psicosis».

Fantrobia sariek, zinemaren munduan etorkizun oparoa aurreikusten zaien sortzaileak saritzen dituzte, eta antolatzaileek Pastor anaiak hautatu dituzte aurten.

Alex Pastor anaia gazteenak jasoko du saria, bestea AEBetan baita, egitasmo berri bat prestatzen. Pastor gaztea gustura zen atzo, «etxetik hurbil -katalanak dira baina egun AEBetan bizi dira- saria jasotzeaz hunkituta».

Ziztuan Hollywoodera

Pastor anaiek arrakasta erdietsi zuten «Larutanatural» film labur harrigarriarekin (80 sari inguru eta labur onenaren saria Sundance jaialdian), eta Hollywoodetik eskaintza jaso zuten, lehen luzea egiteko: «Badakigu luze bat egiteko, finantziazioa lortzeko borrokatu beharra dela normalena, eta guri jazotakoa ez dela berriro gertatuko. Aukerak aprobetxatu beharra dago». Bertan behera gelditu bada ere, Sanchez Piñolen «Larrua hotz» zinemaratzeko asmotan izan dira anaiak, eta etorkizunean Miguelanxo Pradoren «Trazo de tiza» komikia pantailaratu nahiko lukete.

SARI BANAKETA

Gaur jasoko du Alex Pastor katalanak Fantrobia saria, anaia David eta bien partez, Capitol zinematan 19.45ean izango den ekitaldian. Ondoren, bi anaien «Larutanatural» laburra eta «Infectados» luzea emango dituzte.

Gaur

SAIL OFIZIALA: «Left Bank». 17.30ean Capitol zinematan.

FANTROBIA SARIA:

Alex eta David Pastor anaiei,

19.45ean Capitol zinematan.

Ondoren «Larutanatural» film laburra eta «Infectados» luzea emango dituzte.

FANT LABURREAN:

22.15ean Capitol zinematan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo