GARA > Idatzia > Euskal Herria

Historiaren ateak ireki eta emakumeari zor zaion aitortza egiten dion joko didaktikoa

Mendeetan zehar ezkutatuta eta testuliburuetan ahaztuak izan diren emakumeak ardatz dituen Tribial Feministak argia ikusi du. Haiek ere historiaren parte izan direla nabarmenduz, emakumeek jasandako hainbat bidegabekerien testigu da jolasa.

p014_f01_321x432.jpg

Oihana LLORENTE

Zein zuzendarik jaso zuen 2003. urtean film onenaren Goya saria «Te doy mis ojos» pelikulagatik? Zein urtetan eskuratu zuten emakumeek bozkatzeko eskubidea Bangladeshen? Galdera horiek erantzun, eta koloretako fitxa irabazteaz gainera, mendeetan ezkutaturik egon den emakumeen ekarpenaz jantzi eta hura plazaratzen laguntzen dute jokalariek.

Horixe da Arrasate, Ondarroa, Basauri, Zierbena eta Ermuko udalek eta Uribe Kostako Mankomunitateak atzo bertan aurkeztu zuten Tribial Feministaren xedea. Udal horietako Berdintasun teknikarien elkarlanaren bidez aurrera eraman dute egitasmoa eta Maite Barreñak, Arrasateko Berdintasun teknikariak, GARAri adierazi bezala, «mendeetan gordeak egon diren emakumeak eta hauek egindako ekarpenak, bai norbanakoak zein kolektiboak, bisibilizatzeko euskarria» izan nahi du Tribial Feminista joko berri honek.

Emakumea eta feminismoa ardatz duen jokoa da honakoa eta emakumeek historian zehar kirolean, kulturan, politikan edo bestelako arlo anitzetan emandako pausoak aitortu nahi ditu. Mundu zabaleko emakume ospetsuak zein Arrasate edo Ermuko emakume ez hain ezagunak topa daitezke jolasean; izan ere, parte hartu duten herrietatik bertatik abiatu, eta Euskal Herrira, Europara eta mundura egin dute salto, emakumeen arrastoei jarraituz.

Urtebete eman dute lanean Tribiala osatzen duten 1.200 galderen inguruan hausnartuz, eztabaidatuz, diseinua pentsatuz... baina hilabete gogorrak izan arren, pozarren agertu da Barreña ikerketa lan honek historiaren beste ate batzuk ireki eta emakume zoragarriak aurkitzeko parada eskaini baitio.

«Zein partziala den historia!», dio harrituta eta era berean apur bat haserre. Eskoletan erakutsitako historia jendartearena baino gizonena dela ondorioztatu ahal izan du jolas honekin, eta haren aburuz, emakumeen ekarpena jaso ezean, hankamotza da historia. «Jolas honekin ordea, historiaren beste bertsioa, ahaztutako bertsioa, existitzen dela frogatzera gatoz», dio harro.

Emakumeak egun iritsi garen tokiraino iritsi ahal izateko, gure aurretik izandakoek izugarrizko lana eta borroka egin behar izan dute, askotan garaiko uste eta tradizio itxiei aurre eginez gainera. Horren testigu bilakatu da Tribial Feminista eta pausatutako hainbat galderen bidez ere egoera horien berri eman nahi izan dute.

Medikuntza titulua jaso zuen Estatu espainoleko lehen emakumeak nola eskuratu zuen titulua? Horra hor galdera, eta zein ote erantzuna? ba, gizonez mozorratuta jaso zuela titulua. Izan ere, garai horretan emakumeek ezin zituzten unibertsitate ikasketak egin.

Usurpazioa eta ahaztura

Barreña zur eta lur gelditu da historian zehar emakumeek jasandako usurpazioak ikusita. Haren iritziko, «asko eta ikaragarriak» izan dira emakumeek sortu, ikertu eta aztertutako asmakuntzak izan arren, historiara gizonen jabetza gisa igaro direnak.

Medikuntzaren hastapenetan jardun zutenak adibidez, emakumeak izan ziren. Unibertsitatea sortu eta emakumeei sarbidea debekatu artean, haiek ziren sendagile, emagin eta belagile; baina herri xehearentzat emakume jakintsuak ziren haiek sorgintzat jo ditu historiak.

Ez ditugu horrenbeste mende atzera egin behar era honetako adibideak aurkitzeko. Hor daude ikerkuntzetan gizonezkoekin batera aritu, eta euren itzalean geratu diren Marie Anne Paulze «Lavoisier» edo Rosalind Franklin, edota egindako lanen aitortza eskuratzeko, euren asmakuntzak gizonezkoen izenez baliatuta ezagutzera eman dituzten emakumeak.

Haatik, era honetako gertaerak egun ere badaudela argitu nahi izan du Barreñak eta «Harry Potter» fantasiazko liburu sailaren idazleak egindakoa ekarri du gogora. Izan ere, Joanne Rowling idazle britainiarrak ospea eskuratu arte ez zuen eman bere identitatearen berri; bere argitaratzaileak hala eskatu zion, emakumeek liburu gutxiago saltzen dituztelakoan.

Tribial Feministak emakumeek historian zehar izan duten papera argitara emateaz gain, Feminismoa teoria politiko modura ezagutarazi nahi duela ere nabarmendu du Barreñak; «Feminismoaren ideologiara hurbildu nahi ditugu gazteak», gehitu du.

Berdintasun teknikarien lanak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eremu oso bestelakoetan garatzea dakar. Arlo horietako bat hezkuntza da eta hezkidetza eskolan lantzerako orduan, bi arazorekin topo egiten dutela nabarmendu du Barreñak: euskaraz sortutako material urria, eta, egungo jendarte patriarkalean gizona dela guztirako neurri eta adibidea. Bi traba hauei aurre eginez eta emakumeen ikusgarritasun era didaktiko batean landuz urtebete eman dute, Tribial Feministak argia ikus zezan. Orain, nerabezaroan dauden neska-mutikoei zuzendua egonik, jolasa eurengana hurbiltzen saiatuko dira institutu, kultur etxea edota gazte txokoetara joz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo