ZUMAIAKO FLYSCHA, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA
Itzurun: Denboraren eskala geologikoa
Zumaiako Itzurungo itsaslabarra Lurraren historiaren liburuaren zati bat da. Hala erabaki dute mundu osoko geologoek, eta Thanetiar eta Selandiar maila geologikoen nazioarteko erreferentzia izendatu zuten atzokoan. Itzurungo izena daraman kapitulu berri bi erregistratuta geratu dira, beraz, Lurraren 4.600 milioi urteko historian.
Ariane KAMIO | ZUMAIA
Gipuzkoako mendebaldeko kostaldeko itsaslabarrak (Zumaia, Deba, Mutriku...) historia geologikoaren milioika urteren lekuko dira, eta ondoz ondoko harkaitz-geruzatan idatzita dagoen «liburua» biltzen dute. Itsasoaren eragin etengabearen ondorioz, harkaitz-geruza horiek agerian geratu dira, eta formazio berezi horri «flysch» esaten zaio. Hain zuzen, kostalde osoko elementu bereizgarriena da, Biotopo Babestu izendatua. Flyscharen geruza-sekuentziak kasik 60 milioi urteko (duela 110 milioi urtetik duela 50 milioi urte ingurura) segida osatzen du, eta hor Lurraren historiaren gertaera eta kataklismo garrantzitsuen arrastoa ikus daiteke. Horregatik, kostalde horretan zehar ibiltzeak denboran bidaia egitea esan nahi du.
Zumaiako flyscha erreferentzia bat da nazioarteko geologiarentzat eta zientziarentzat 1960ko hamarkadaz geroztik; gaur egun, mundu osoko ikertzaile ugari hurbiltzen dira bertara. Izan ere, Itzurun hondartzan bi aro tarteri estratotipo izendapena eman zioten 2009an nazioarteko bi erakundek eta, atzokoan, beste bi estratotipo izendatu zituen International Comission on Stratigraphy (ICS) nazioarteko erakundeak. «Estai edo maila bat denbora tarte jakin batean sortu diren haitz sedimentario guztiek osatzen dute eta denbora geologikoaren eskala banatzen den oinarrizko unitate bakoitza adierazten du», esan zuen atzo ICS Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko lehendakari nagusi Stanley Finneyk. Estai jarraituek, erregistro estratigrafikoan bata bestearen atzean jarriak, denboraren joan-etorria adierazten dute, eta aldi horretan kliman, biologian eta geologian izandako gertaerak ere jasotzen dituzte.
Denbora geologikoaren taula XIX. mendean garatu zen gehienbat, baina ez ziren zehatz-mehatz zehaztu aro bakoitzaren arteko mugak. Horrek arazo ugari sortu zituen XX. mendean zehar, komunitate geologikoa konturatu zenean maila asko bata bestearen gainean zeudela, denboran hutsuneak zeudela, edo izen desberdinak zituztela.
Zumaian definitutako bi puntuek bi estratotipo edo GSSP (muga geokronologiko zehatza) finkatzen dituzte ondoz ondoko bi maila adierazten dutenak, eta erreferentzia orokor bezala balio dutenak Selandiar eta Thanetiar mailetarako. Estratotipoak benetako puntu eta haitzak dira, eta oinarrizko erreferentziak dira lurraren historia aztertzeko. Finneyren arabera, «estratotipo horiek ezin dira museoetan gorde, hemen egon behar dute, parte diren segida estratigrafiko osoan, beren benetako testuinguruan. Puntu horiek zaindu egin behar dira -jarraitu zuen-, eta horiek aztertzera etortzen diren mundu guztiko zientzialarientzat ikusgai eduki».
Golden Spike
Laster hiru urte beteko dira Workshop 2007 taldeak Itzurungo itsaslabarra Paleozenoaren nazioarteko erreferentzia izatea proposatu zuela. Harrezkero, azterbide luzea pasatu du proposamenak eta, behar izan dituen bozketa eta administrazio izapide guztiak gainditu eta gero, atzo gauzatu zen nazioartean erreferentziazkoa izatea aitortzen dion ekitaldia. Izendapen horrekin, Zumaiako flyscha lurraren historiaren liburu ofizialean sartu dela esan daiteke.
Zumaiako sekzioa nazioartean erreferentzia geologikoa dela badira 50 urte eta gehiago. Mundu osoko geologoak izan dira inguru horretan ikerlanak egiten eta ebakidurari buruzko jakintza zientifiko ugari utzi dute. Lan horren emaitza gisa, EHUko Estratigrafia eta Paleontologia sailak nazioarte mailako workshop bat antolatu zuen 2007an eta Zumaiako itsaslabarretan Paleozenoko mugen bi estratotipo proposatu zituen. Ia hiru urteren ondoren, proposamena aho batez onartu dute eta Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko Stanley Finneyk ziurtatu zuen atzo Zumaiako sekzioaren erreferentziazko izaera.
Lurrak gutxi gorabehera 4.600 milioi urte ditu eta denbora hori guztia zenbait atal eta azpiataletan banatzen da. Atalen arteko denboraren banalerroei «muga geokronologiko» esaten zaie eta arroketan erregistratuta gelditu den gertaera geologikoren batek definitzen ditu. Muga geokronologiko jakin bat ikusgai duten munduko toki guztien artean, bakarra aukeratzen du ICS nazioarteko batzordeak, aurrerantzean nazioarteko erreferentzia bakarra izan dadin. Leku horri «estratotipoa» esaten zaio eta Golden Spike izeneko urre koloreko iltze estandar batekin markatzen da tokia. Itzurungo itsaslabarra, beraz, nazioarteko erreferentzia da atzodanik eta bere haitzetan kokatutako urre koloreko bi iltzeek ziurtatzen dute hori.
«Zumaiako bi estratotipoak definitzeko erabakia hartzeko hainbat azterketa zientifiko egin behar izan dira mundu osoan barreiatuta dauden adin bereko haitzekin alderatuz», esan zuen Finneyk.
Stanley Finneyk berak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok jarri zituzten Itzurun hondartzan bi estratotipoei (Selandiar eta Thanetiar mailetakoak) dagozkien bi iltzeak. Ekitaldi berean Eustoquio Molina eta Simoneta Monechi Paleogenoaren azpibatzordeko lehendakariak izan ziren.
Ebakidura edo sekzio bat estratotipo definitzen denean, Lurraren historiaren egutegia eratzen duen erregistro geologikoan sartzen da, eta aldi horri dagozkion ikasketa eta azterketa guztien nahitaezko erreferentzia bihurtzen da.
Zumaiako estratotipoen izendapenarekin, nazioarteko maila goreneko aitorpena egin diote azaleramendu geologiko horri, Unescoren inbentarioan mundu mailako interesgune gisa dagoeneko aitortua duen Geosite kategoriaz gainera.
Denbora geologikoa
Lurrak 4.600 milioi urte ditu gutxi gorabehera eta bere historia haitzetan idatzita dago. Zumaiako labarrek entziklopedia handi honen 10 milioi urteko tomo bat erakusten dute: Paleozenoa.
Denbora luze horretan zehar, paisaiek, klimak eta bizitzak aldaketa ugari jasan dituzte eta aldaketa horien arabera, historia geologikoa atal eta azpiatal desberdinetan banatzen da.
Atal edo kapitulu horien arteko denbora mugak geologoek arroketan antzeman eta aztertu ditzaketen gertaerekin erlazionatuta daude.
Estratotipoak
Muga geokronologiko jakin bat ikus daitekeen munduko azaleramendu guztien artean, ICS Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak bat aukeratzen du, gertaera zehatz horren erreferentziatzat har dadin nazioartean. Kokapen horrek, estratotipo edo GSSP izena hartzen du eta urre koloreko iltze batekin (Golden Spike delakoa) markatzen dute.
Atzo, ICS erakundeak Daniar/Selandiar eta Selandiar/Thanetiar mugen estratotipoak kokatu zituen Itzurun hondartzako labarretan. Aurrerantzean, azaleramendu hori mundu mailako erreferentzia izango da.