GARA > Idatzia > Ekonomia

Metaleko greba deialdiak erregistratu dituzte ELA eta LABek

Amaia ZURUTUZA |

ELAko eta LABeko ordezkariek Gipuzkoako metalaren sektorean iragarritako greba deialdiak erregistratu egin zituzten atzo Adegiren egoitzan eta Lan Ordezkaritzan, zehazki, datozen maiatzaren 28rako eta ekainaren 4, 10 eta 11rako. Adegiren egoitza atarian ELAko eta LABeko ordezkariek adierazi zuten lau greba egun horietan Gipuzkoako metalurgialariek patronala bere jarrera aldatzera behartuko dutela, «eskaintza erreal eta duin bat aurkez dezan».

Greba deialdiekin ahalik eta langile eta sindikatu gehienek bat egin dezaten nahi dutela adierazi zuten, negoziazio mahaiko CCOO eta UGT sindikatuei erreferentzia eginez. Nabarmendu zutenez, sindikatu guztiek egoeraren diagnostiko bera egin dute, Adegik planteatu dituen neurriak «onartezinak» direla, alegia. Egoera horretatik abiatuta ELAk eta LABek «ezin dugu inolako negoziaziorik gabeko dinamikan jarraitu eta negoziazio erreal bat bultzatu behar dugu», esan zuten. Gipuzkoako Metalerako lan hitzarmen berriak ezinbestean aurrekoa hobetu behar duela berretsi zuten, «historikoki egin den bezala». Horregatik, gogor gaitzetsi zuten Adegik hitzarmen guztiz berri bat sortzeko duen asmoa: «Krisiaren ondorioz sortu den beldur eta ziurgabetasun egoera aprobetxatuz hitzarmen berri bat planteatzea guztiz ezmorala da».

Bestalde, gaur manifestazioa egingo dute Donostian, ELAko eta LABeko Metaleko delegatuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo