GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Mantisa taldeak kantu azkar eta melodikoez osatu du lehen diskoa

Gor diskoetxe nafarrak Mantisa talde gipuzkoarraren iraupen luzeko lehen diskoa kaleratu berri du egunotan. 16 kantuetan zehar, hardcore melodikoa, punk ukituak eta ñabarduraz beteriko rocka topa daitezke taldearen musika ibilbidea irudikatzen duen estreinako diskoan.

p046_f01_153x124.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Bost urteko musika ibilbidea behar izan du Mantisa taldeak estreinako diskoa argitaratuta ikusteko. Tarte horretan, zuzeneko emanaldi piloa eta grabaketa txikiak egin badituzte ere, Gor zigilu nafarrak eman die iraupen luzeko lehen lan hau kaleratzeko bultzada. Musikalki hardcore melodikoaren inguruan abiatu zuten musika bidaia, baina igarotako denboraren poderioz eta musika eragin berrien sartzearekin batera, zabaldu eta handitu egin da taldearen musika era, eta gaur egun, ezin da etiketa bakar baten azpian kokatu Mantisaren proposamena.

Iosu Gonzalez (ahotsa eta gitarra), Ganix Illarramendi (gitarra eta ahotsa), Iñigo Azkue (baxua) eta Iñaki Castro (bateria) dira gaur egun Mantisa osatzen duten lau kideak, eta beraiek arduratu dira lehen disko honetako kantuak prestatzeaz eta grabatzeaz. Taldeak berak sorturiko hamasei kantu barneratu dituzte taldearen izen bera daraman diskoan, eta Mantisa sortu zenetik gaur egunerako bidaia irudikatzen dutela dio Iosu Gonzalezek taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak: «Lehen diskoa izaki, ibilbide osoko kantuak sartu nahi izan ditugu. Taldearen lehen kantuak hemen daude, baita azken urteotan sorturiko abestiak ere. Kantu bakoitzak, talde bezala bizi izan dugun momentu bat islatzen du, eta hortaz, ez genuen bakar bat kanpoan utzi nahi».

Hamasei kantu

Guztira, ordubete inguru irauten duen diskoan hardcore melodikoa nabarmentzen da beste musika era guztien gainetik, nahiz eta ñabardurak eta musika era gehiago sumatzen diren, batez ere konposazio berrietan. Bateria erritmo azkarrak, abiadura biziko gitarrak eta bi ahotsetan maisuki abesturiko kantuak dira taldearen aurkezpen txartela. Musika estiloaz galdegitean, Iosuk honakoa dio: «Gure lehen urteetan AEBetako hardcore melodiak eragin zuzena izan zuen gugan, baino egun ez dut uste horretara mugatzen garenik».

Diskoaren grabaketa lasaia eta sosegatua izan dela diote Mantisako kideak. Iosu Gonzalez bera, arduratu da diskoa grabatzeaz, eta horrek berezko perspektiba eman die kantuei. Diskoa etxean bertan grabatu dute, Iosuk Zarautzen dituen Noise estudioetan, denbora eta grabaketa orduak arazo izan gabe. «Azkenean, urtebeteko lan prozesua izan da, eta presiorik gabe lan egin izanak diskoaren azken emaitza aberastu duelakoan nago», dio Iosuk.

Urte hauetan guztietan Mantisa «underground» giroetan ibili izan da nagusiki, taberna txiki eta gaztetxe zirkuituan barna, batez ere. Disko berriarekin batera eremua handitzea dute helburu, taldearen musika zabaltzen jarraitzeko. «Gaztetxeetan eta areto txikietan dago gure jatorria, eta gustura aritzen gara eszena horretan. Hala ere, eskertzekoak dira plaza handietako emanaldiak, soinu ekipo indartsuak dituzulako eta ikusle-entzule gehiagok entzun dezakeela zure musika», azaldu du Ganix Illarramendik.

Fitxa

Taldea: Mantisa.

Diskoa: «Mantisa».

Diskoetxea: Gor.

Kanta kopurua: 16.

Irteera data: Maiatzak 7.

Sarean: myspace.com/mantisa.

Zuzenean:

Maiatzak 21, Hondarribia.

Ekainak 10, Gasteiz.

Ekainak 11, Zarautz.

ERAGIN BERRIAK

«Gure musika sustraiak hardcore melodikoan daude, baina gure egungo norabidea harantzago doa. Hasierako eraginek hor jarraitzen dute, egungo kantu berrietan, ordea, bestelako musika erak argiago sumatzen dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo