Eszenak
Maiatzaren hamalaua
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Mila bederatziehun da lehenengo urtean maiatzaren hamalaugarren egunian Orioko herriko barraren aurrian, balia agertu zan beatzik aldian...».
Baina ez zen balea izan maiatzaren hamalau honetan Euskal Herrira gerturatu zen bakarra, duela 75 urte, Zestoako Urtain baserrian ere, morrosko galanta jaio baitzen, Jose Manuel Ibar Azpiazu. Aizkolari bezala aritu zen baita harri-jasotzaile eta idi probatan ere baina boxeoak atrapatu zuen azkenean. Urtain pertsonaia ezagun eta mediatiko bilakatu zen, baita boterearen jostailu ere, 49 urte baino ez zituela hamargarren solairutik jauzi egin eta bere buruaz beste egin zuen arte. Bizitzaren kontra borrokatu zuen panpina hautsi honi buruz mintzatzen zaigu aurtengo Max sarietan antzezlanik onenaren saria irabazi duen Animalario taldearen Urtain.
«...Baliak egindako salto ta marruak ziran izugarri ta ikaratzekuak; atzera egin gabe hango arriskuak, arpoiakin hil zuten, han ziran hangoak».
Baina ez da hau izan euskaldunen inguruan banatu den sari bakarra, Garbi Losadak eta Maite Agirrek euskarazko testurik onenaren saria irabazi baitzuten «Putzuak lehortzen» lanagatik. Joan Brossa-ren sagarra, bikoizturik iritsi zaigu beraz gure Euskal Herrira. Hozkada bikoitza. Eta tragedia eta janari kontuez ari naizen honetan, La Fura del Baus-en «Degustación de Titus Andronicus» ikuskizunaren estreinaldia izan genuen Tabakaleran hilaren 7an eta mendeku krudelaz mintzatu zitzaigun tragedia honen amaieran esan bezala, tragediak tragedia, jendeak jaten jarraitzen du egunero. Baina guztia ez da tragedia izango, izan ere, hilaren 6tik 26ra Donostiako Poltsiko Antzerkia geurean izaten ari baikara hiriko hainbat espazio eta tabernatan. Magia, umorea eta musika dira aurtengo edizioaren osagai nagusiak, orotara 25 emankizun eskainiaz. Horietatik bi euskarazko lanak dira; autobus barruan antzezten duten Xixka konpainiaren «Xixka Benta Berri ibilbidean!!!» eta Txirene taldearen «Ogiyik karri entzun semia». Eta ezin ahaztuko ditugu geure gazteak, maiatzarean hiriko antzokietan lanean ari baitira.
«... Ehun ta hogei duroz balean bizarrak, agudo saldu ziren bere egaltzarrak, garbitu eta gordeak dauzke hezurtzarrak kontu handiekin lodi ta medarrak...»
Orioko balea eta Urtain gaurkoa bezalako egun batean geure mundu honetan agertu ziren moduan, gaurko egunean Iñaki Salvador musikariaren «Te doy una canción» ikuskizuna edota entzunkizuna entzuterik edota ikusterik izango dugu Victoria Eugenian. Bertan Serrat, Chico Buarque, Mikel Laboa, Silvio Rodriguez, Benito Lertxundi, Fito Paez, Pablo Milanes eta Pedro Guerra-ren kantuak jazz moduan entzutea izango dugu hainbat poeta ezagunen hitzekin nahasturik kantu eder bat osatuaz.