Eszenak
Leioako Umore Azoka estreinaldietarako gune bihurtu dute euskal konpainiek
Urrutitik datoz konpainiak euren ikuskizunak Leioako Umore Azokan estreinatzera. Aurten maiatzaren 20tik 23ra egingo dute jaialdia, eta 17 ikuskizun izango dira bertan, publikoaren aurrean lehen aldiz antzeztuak. Euskal Herriko taldeek ere jaialdi hau baliatzen dute erakusleiho gisa, eta bertako zazpi talde izango dira hurrengo astean euren ideia berriak plazaratuz. Hurrengo hilabeteetan jaialdietan egongo dena ezagutzeko aukera dago, hortaz, Leioan.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Urtero, Leioako Umore Azokak hainbat estreinaldi jasotzen ditu. Aurten, maiatzaren 20 eta 23a bitartean, eskainiko dituzten 49 ikuskizunetatik 17 publikoaren aurrean lehen aldiz aurkeztuak izango dira. Gauzak horrela, ez da harritzeko euskal konpainiak jaialdi hau aukeratzea euren estreinaldiak burutzeko leku bezala. Ados Teatroa eta Aukeran Dantza Konpainia, Despertar los Sentidos, Gaitzerdi Teatroa, En La Lona, Tearto Teatro, Trapu Zaharra eta Zanguango dira honen adibide.
Lehenik eta behin, Aukeran Dantza Konpainia eta Ados Teatrok «Jai Alai» aurkeztuko dute Azokan, elkarrekin egiten duten bosgarren lana. «Hormaren kontra zerbait botatzen dugun bakoitzean, itzuli egiten da, harrizko ispilua balitz bezala», diote frontoiari buruz jarduterakoan eta haien dantza ikuskizunean horri buruzko hausnarketa egin dute. «Frontoia ez da joko hutsa, bizitzaren metafora ere bada». Kalerako prestatuta dagoen lan honek, zuzeneko musika du beste ardatz. Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoriak egin dute zuzendari lana eta koreografiaz, aldiz, Edu Muruamendiaraz arduratu da. Hilaren 21ean eta 22an ikusi ahalko da Leioan. Ados eta Aukeran taldeek batera burututako aurreko egitasmoetan bezala, euskal folklore tradizionalaren elementuak dantza garaikidearekin uztartu dituzte, atzoko eta gaurko ideiak bateratuz.
Dantzaren ildoari jarraituz ikusi ahalko da bigarren estreinaldia, Despertar los Sentidos taldeak aurkeztuko duen «Dantza desberdinak» lana. Konpainia hau 2001ean jaio zen nolabaiteko ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Orain aurkeztuko duten ikuskizuna «ikusgaitasunerako, askatasunerako eta begirune eta tratu-berdintasunerako daukagun eskubidearen aldarrikapena» dela diote taldekoek. Horrela, adimen ezberdin eta gorputz ezberdinak ikusiko dira, taula gainean, dantza libre, ireki eta ohiz kanpokoan. Larunbatean eta igandean izango dira Azokan. Lan honekin taldeak gogorarazi nahi du, «guztion barruan, guzti-guztion barruan, artearen espirituak bizirik dirauela».
Etxetik urrun
Dantzaren mundutik datorren hirugarren estreinaldia En La Lona taldearen «Exodo» da, non dantza, erritualak, akrobaziak, antzerki fisikoa eta umorea nahasten diren. «Desplazatuei egindako omenaldia da, iraganekoei, egungoei eta 2050ean aldaketa klimatikoak eragindako arrazoiengatik egongo diren 250 milioi `ingurumen-desplazatuei' zuzendutakoa», ziurtatu dute taldekoek. Paula Alfieri eta Andres Fresnok zuzendu dute formatu ibiltari eta estatikoa tartekatzen doan lan hau.
Antzerkiari dagokionez, Gaitzerdi Teatrok Shakespeareren lanak, batik bat «Uda gau bateko ametsa» ardatz hartuta, kale ikuskizun berria prestatu dute. Ohikoa duten estiloan, «ahozko narrazioa, soinu-banda iradokitzailea eta argiztapen-diseinu zaindua» aurkeztuko dute. Lurrik gabeko nomada batzuk ikusteko aukera izango da. Hauek gidatuko dute ikuslea dramaturgiaren barrena. Ametsezko mundu honi bizia emateko eszenan bost antzezle arituko dira, Shakespeareren pertsonaietan oinarrituak. Horrela, Helena eta Demetrio, Lisandro eta Hermia, Puck, Oberon eta Titanaia aurkituko ditugu.
Iraganaren zolda
Tearto Teatrokoak, bestalde, euren «Diva di Palo» areto ikuskizuna moldatu dute kale antzerkiaren lengoaiara eta Leioan emanaldia egingo dute. Enriqueta Vega taldekideak azaldu duenaren arabera, 70eko hamarkadako ikuskizun zoldatsu bat erakusten dute. Azkena izango duten funtzioa eskaintzen ari diren hiru zorigaizto agertzen direla azaldu du Vegak. «Zolda daukat, nire gurasoen iraganaren eta, beraz, nire iraganaren zolda», diote ikuskizunaren aurkezpenean, eta hori da hain zuzen Leioan taularatuko dutena.
Trapu Zaharrak ere Leioa aukeratu du bere lan berria erakusteko, Arrigorriako Clown eta Pailazo jaialdian aurrestreinaldia eskaini bazuen ere. Oraingoan, «Camping Renove» lanarekin izango dira Azokan. Bertan goitisolotarren istorioa azaltzen dute, Uruguaitik Euskal Herrira etorritako bikote batena. Oinordetzan lursail batzuk jaso dituztenez, euren arbasoen lurrera doaz kanpin berezi bat jartzeko asmoz. «Bezeroei maitasuna eta pentsatu gabe egon ahal izateko espazioa eskainiko dizkiete». Euskal Herrira iristerakoan, ordea, arbasoek deskribatu zieten lurra ez dute espero zuten moduan aurkituko. Ikuskizuna, hortaz, bezeroak lortzeko modu bezala hartuko dute. Mila Espiga eta Mikel Laskurain aurkituko ditugu Leioan zehar karabana jartzeko leku baten bila.
Azken estreinaldia Zanguango Teatrokoek eskainitakoa izango da. Azaldu dutenez, etxe-aldaketa bateko objektuz betetako furgoneta laranja handi bat erdiguneko kale batean hondatuta geldituko da: «Furgonetan doaz adin ertaineko bikote bat eta emakumearen anaia, urritasun psikikoa duena, eta egoera korapilatsu horretatik ongi ateratzen ahaleginduko dira». Zanguangokoek ikuslearekin harreman zuzena duen komedia emango dute Leioan, eta aurkezpenak dioenez , «publikoki gertatuko dira, bertan, esparru pribatukoak diren gauzak».
Zazpi talde horiekin batera, atzerriko beste hamar talde ere Leioan ibiliko dira ikuskizun berriak antzeztuz, hala nola: Aby Collins, Abant Garde Dance, Capitán Maravilla Productions, El Negro y el Flaco, Balltazar, Cirqulation Locale edota Els Botinfarrons. Hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko eta kanpoko jaialdietan ibiliko diren ikuskizunak ezagutzeko aukera paregabea izango da, beraz, Leioan hurrengo asteburuan. Urtero legez, Umore Azoka erakusleiho oparoa bihurtuko da.
Gaitzerdi Teatrokoak Shakespeareren lanetan jarri dute arreta oraingoan lan berria egiteko. Lurrik gabeko nomada batzuei buruz hitz egiten duen lanak «Uda gau bateko ametsa» hartzen du ardatz.
Trapu Zaharra taldekoak oraingoan Uruguaitik etorritako bikote baten abenturak azaltzen ibiliko dira. Arbasoen jatorrian bizibidea bilatzeko asmoz, bikote batek, Euskal Herriraino iritsi, eta kanpaleku bitxi bat zabalduko du.