Inma Errea Idazlea
Hodei beltza
Ez dakit mito urbanoa den, baina kontatu didaten bezala kontatuko dut. Iruñeak hodei moduko bat dauka gainean, energia ilunez egina, eta horrek nafar hiriburuko bizi-giroa gris-grisa bilakatzen du, astuna, aspergarria, eramateko gaitza. Talde esoteriko bat omen dago, bestalde, ez dakit zer klasetakoa, eta hori, aldian-aldian, Iruñetik ez oso urrun dagoen mendi ezagun batean biltzen omen da, Iruñea harrapaturik duen zorigaiztoko hodei hori arintzeko esperantzan.
Kontakizun sinbolikoa dirudi, eta nago hodeia Iruñeko mugetatik harago hedatzen dela, Nafarroa osora seguru, hortik kanpora ere, apika.
Ez dakit zer egiten duen talde esoteriko horrek hodeia uxatzeko, baina ez dirudi, oraingoz, gauza handirik lortu duenik. Horrek, alabaina, ez du zertan izan beti horrela: egun batez lortuko dute, agian, iruindarrok (nafarrok, euskal herritar orok...) eguzkiaren eta ilargiaren argiaz gozatu ahal izatea, inongo energia txarreko hodei-txapeletatik libro...
Kontua euskararen inguruko aferei ere aplika dakieke. Hodei ilunik izan edo ez, euskaldunok sorgin-zulo batean murgilduta bizi gara aspaldi-aspaldidanik. Nafarroan, eta ez soilik hemen, sorgin-zuloa gero eta zuloago bilakatu zaigu, gero eta sakonagoa da, eta gero eta arazo gehiago dugu bertatik ateratzeko. Sator bihurturik ibiltzen gara, irtenbide bat ikusi ezinik, eta, azti petral batzuen sorginkeria medio, gu geu ikusezin.
Badakizue txiste hura: bi euskaldunek New Yorkeko karrika batean elkarrekin topo egin omen zuten, elkarri «iepa» esan zioten eta zeinek bere bideari segitu omen zion. Nafarroako edozein herritako karriketan, eta are gehiago Iruñekoetan, bi euskaldunek topo egiten dutenean, ordea, elkarri agurtzen diote lehenik, eta gero, ohikoaz hasten dira mintzatzen. Ez, ez da eguraldiaz, ezta norbere familiaz ere: euskaldun gisa pairatzen duten egoera hartzen dute hizpide, eta maiz depresioaren maldan behera amiltzen dira.
Ematen du kexatzeaz gain ezer eraginkorrik egiteko ezinean bizi garela. Eta bai, egia da, zaila da asmatzea hodei ilun horren pean zerbait positibo egiten. Ez da erraza, irudimenari jo eta su eraginda ere, irtenbide benetan baliozkoa aurkitzea. Eta badakizue zer esaten den: zerbait konpondu nahi ez duzunean, batzorde bat sortu. Gure kasuan, ordea, esapidea bestelakoa da: zerbaiti aurre egiten ez dakizunean, manifestazio batera deitu!
Berriro ere, manifa bat eginen dugu bihar. Eta bai, ni ere beldur naiz ez ote den izanen gure ezinaren aurrean irtenbide errazena. Baina, bestetik, Axularrek jasotako esamolde harekin oroitu naiz, badakizue, «dabilen harriak, goroldiorik ez» dioen horrekin, eta nahiz eta goroldioa maite (ingelesek beste esanahi bat ematen diote esamolde berari, erabat kontrakoa), kasu honetan uste dut komeni zaigula goroldioa biltzeari utzi eta dabiltzan harriak bilakatzea, egun batez, behinik behin, oinak mugitu eta Iruñeko karriketako harlauzak eta asfaltoa zapaltzea, eztarriak berotu eta, aspaldiko adiskideei «iepa» esateaz gain, edo haiekin egoeraren kezkagarriaz mintzatu ordez, leloak eta doinuak kantari ibiltzea, eta, agian, familiaz galdetzea, edo etorkizuneko planekin amestea.
Ez da gauza handirik izanen, baina, talde esoterikokoek nola, zerbait eginen dugu elkarrekin. Horiek bezala, egun batez sorginkeria desegin eta agian normal bizitzea lortuko dugun esperantzan, euskaraz bizitzea, normal.