Bosgarren etapa
Tropelaren kalkuluak okerrak ziren
Talde nagusiak hiru iheslariak harrapatu ezin, eta Jerome Pineau frantsesak lortu zuen garaipena emozioz beteriko azken metroetan.
Imanol CARRILLO
Emozioz beteriko amaiera izan zuen atzoko Giroko bosgarren etapak. Azken 100 metroetaraino ez zen erabaki; izan ere, ikusle guztiek tropelak ihesaldiari amaiera emango ziola uste bazuten ere, oker zeuden. Arraroa bada ere, kalkuluak gaizki atera ziren eta etapako kilometro gehienetan ihes eginda ibilitako hiru txirrindulariek helmugara lehenak iristea lortu zuten, baina tropelaren hatsa atzetik, lau segundora, sumatu zutela.
Hiru abenturazaleen artean, azkarrena Jerome Pineau Quick Step taldeko frantsesa izan zen, esprintean Julien Fouchard herrikidearen (Cofidis) eta Yukiya Arashiro (Bouygues) japoniarraren aurretik sartu baitzen.
Ikuslearentzat amaiera polita izan zuen etapa hori 30. kilometroan hasi zen erabakitzen. Pineau, Fouchard, Arashiro eta Paul Voss (Milram) txirrindulariek tropela atzean utzi eta ihesari hasiera eman zioten.
46. kilometroan tropelerako distantzia 5 minutu eta 40 segundokoa zen. Denbora gehiegi, eta hori gehienekoa, berehala hasi baitziren Petacchiren Lampre eta Nibali liderraren Liquigas taldeak tropela astintzen.
Helmugara iristen lehenak izateko ahaleginak ondorio txarra izan zuen Vossentzat, 25,5 kilometroren faltan indarrak agortu eta atzean geratu baitzen tropelak harrapatu zuen arte.
Atzetik, ordea, azken esfortzua egiteko garaia heldu zela erabaki eta tropela astintzen hasi ziren txirrindulariak. Helmugarako 10 kilometro falta zirela, aldea 58 segundokoa zen, eta 5 kilometro besterik ez zirenean falta, 30 segundokoa besterik ez.
Azken bi kilometroetan Arashiro japoniarrak -lehen Giroa du- azken erritmo aldaketa egin eta metro txiki batzuk lortu zituen Fouchard eta Pineaurekin batera. Erabakigarria izan zen, dudarik gabe, ahalegina, Pineauk gordeta zuen azken erasoarekin, berak irabazi baitzuen bosgarren etapa. Quick Step-ekoak gustu- ra ospatuko zuen lorpena, 2004tik ez baitzuen garaipenik lortzen.
Gaurko etapa, 172 kilometrokoa, Fidenzan hasi eta Marina di Carraran amaituko da.
Euskaltel Euskadi taldeak honako txirrindulariekin parte hartuko du, gaurtik igandera bitartean, Picardieko Tourrearen 64. edizioan: Koldo Fernandez de Larrea esprinterra izango da taldeko burua, eta arabarrarekin batera, Jonathan Castroviejo, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun, Jorge Azanza, Aitor Hernandez, Sergio de Lis eta Miguel Minguez izango dira irteeran.