GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal Herriko eta Irlandako folk musiken uztarketa

Albokak irlandarrak maitemindu zituenekoa

Niamh Ni Charra eskarmentu handiko musikari irlandarra dugu, iaz Ibon Koteron Irlandara gonbidatu zuena, Garvin Ralstonekin hirukotea osatu eta zuzeneko biratxo bat egitera. Eta Koteronek ordainetan Euskal Herrira gonbidatu ditu irlandarrak, gurean eman dezaten beren musika. Antza denez, albokari dioten miresmenak bildu ditu honakoan musikari irlandarrak eta euskaldunak.

p034_f03_207x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Musikarien eta musiken arteko elkarren aurkikuntzak garrantzi ezin handiagoa hartu du egun. Trukea izan eta izango da pizgarririk onena gure musiken eboluzio eta garapenerako, sonoritate desberdinen arteko zubiak sortuz». Kepa Junkeraren hitzak dira, Ibon Koteron albokaria Niamh Ni Charra eta Gavin Ralston irlandarrekin hastear den bira aurkezteko idatziak. Ni Charrak Koteron gonbidatu zuen iaz, Irlandan beraiekin jo zezan, eta ordainetan, orain gurean dira irlandarrak, gaur bertan hasita -Orozkon izango dira- bost hitzorduko birari ekiteko prest.

Ni Charrarekin harremanetan jarrita, atzera begiratu eta Koteron ezagutu zuenekoa kontatu digu -Junkera ezagutzen zuen, eta honek eman zion Koteronen berri-, solasari ekinda. «Music Network erakundeak eskarmentudun irlandar artista bat hautatzen du urtero, biratxo bat egin dezan, beste kultura bateko artistaren bat gonbidatuta. Iaz nitaz oroitu ziren, eta nik euskal musikaren aldeko hautua egin nuen». Arrazoi andana omen zuen Ni Charrak horretarako. Batetik, ordura arteko egitasmoetan sekula elkartu gabeak ziren irlandar eta euskaldun musikariak. Gainera,«bi kulturek ezaugarri komunak dituzte, aztertu nahi nituenak. Bat egiten dugu itsasoarekin dugun loturan, bi herriak zapalduak izan dira eta egun, musika eta hizkuntzari dagokienean, susperraldia bizi dute», jarraitzen du. Eta bukatzeko, oraintsu emandako ikerketa batek ageri duenez -Irlanda hegoaldean aurkitu zituzten milaka urtetako gorpuetan egin ADN azterketak-, «kromosoma eta R1b haplotaldeari dagokionez, antzekoak gara euskaldun zein irlandarrok».

Koteronek ere gogoan du Niamhekin izandako lehen kontaktua. «Duela urte eta erdi edo, 2008ko udazkenean, e-mail bat jaso nuen irlandar zehar bira bat egiteko laguntza behar zutela esanez». Euskal Herriko musikariak gonbidatu nahi zituzten bertara, antza. Bilbotarrak proposamena jaso, eta «nola ez» pentsatu zuen. Behin harrera eginda, «elkarrekin zer egin genezakeen pentsatu beharra genuen». Eta aurreko puntura joz, Koteronen ustez, «badira loturak euskal eta irlandar musikarien artean. Cormac Breatnach txirula-jotzaile irlandarrak, esaterako, euskalduna zuen ama, eta gure musikarekiko miresmena agertua du inoiz, baita telebistan ere».

Izan ere, musika tresnen hautaketa izan zen euskal-irlandar uztarketak eman zuen lanik nekezena, eta agian interesgarriena ere bai. Beraz, puntu honetan komenigarria da musikariak aurkeztea. Niamh Ni Charra eskarmentu handiko musikari irlandarra dugu, irlandar arrabita -Carlos Nuñezen taldekide dugu, aipatu tresna joz- eta, batez ere, kontzertina jotzen duena -trikiaren antza du kontzertinak, baina ez da hain `gihartsua'-. Bakarkako lan bakarra du, «On Dá Thaob/From Both Sides» (2007), «Mojo» aldizkari sonatuak folk albumetan 10 onenen artean izendatu zuena. Gavin Ralston berriz gitarra-jotzailea dugu. Aparte, lan handia egin du ekoizle legez, The Waterboys, Eleanor McEvoy eta besterekin. Bere aldetik, Ibon Koteron ezaguna da gurean, albokaren inguruan jorratu izan duen lan mardula tarteko. Gainera, «Alboka 2.1» ikerketa ezinbestekoa atera berria du.

Hiru musikariak elkartu eta «ikusi genuen albokarekin ez genuela arazorik izango, bai ordea gaita edo dultzainarekin, ozenegia delako kontzertinaren alboan, baita txirularekin ere, zorrotzegia delako». Ni Charrak dioenez, «baditugu antzeko tresnak -Uileann gaitak eta euskal gaitak, trikitixa eta kontzertina edo irlandar txirula eta txistua esaterako -modu ezberdinean jotzen badira ere-, baina batzuen hasierako uztarketak ez zuen ondo jotzen belarrira». Beraz, alboka eta albokotea ez beste musika tresnak irlandarrenekin osatzeko, etxerako lanak egin behar izan zituen Koteronek, Dublin aldera abiatu baino lehen. «Arakatzen hasi nintzen, eta luthier baten laguntzarekin gaita prototipo bat lortu nuen, ez hain ozena. Baita Gancedok landutako txistu bat ere, Re-n zegoena -arruntak Fa-n daude-, eta beraz irlandar musika jotzeko aproposa izan zitekeena, ez baita hain zorrotza. Txistularia ez naizen arren, txistua Re-n erabiltzen lehena izango nintzen». Beraz, lankidetzarako adostasuna eman zuen aurrena Koteronek, eta uztarketa modu egokian gauzatu ahal izateko musika tresnak moldatu zituen gero. E-mail bidezko ideia trukaketa oparoa izan zuten orduan Koteronek eta Ni Charrak, biran joko zituzten kantuak prestatze aldera (uda osoa eman zuten horretan). «Zerbait berria egiteko aukera ikusi baikenuen».

Irlandar birari ekiteko beraz, «funtsezko lana aurretikoa izan zen», Koteronen ustez. Eta behin zuzenekoak ematen hasita, «antolatzaileen asmoa ezohiko lekuetara musika eramatea zen, eta oso herri txikietan ere jo genuen -Dublinen aritzeaz gain-», Zuberoa gogorarazten zizkiotenak alboka jotzaileari. «Lehen kontzertua oso herri txikian eman genuen, aretoa lepo eta komunitate osoa bertara bilduta. Entzuleengandik harrera ona jaso genuen, interesa agertu eta soinu tresnei buruz galdetzen zuten. Oso momentu politak bizi izan genituen». Bilbotarrak oroitzen duenez, «beraientzako txundigarriena, batez ere, gure txistua zen. Zortzi zulo beharrean hiru baino ez edukita zelan jo zitzakeen nota guztiak». Hegoalde osoan zehar ibili ziren, «itsasertz batetik bestera. Aparte, irrati eta telebistetan ere izan ginen; lanik, beraz, ez zitzaigun falta izan». Ni Charra bera ere bat dator Koteronekin, eta gustura gelditu zen Irlandako jardunarekin. «Oso bira arrakastatsua burutu genuen, entzule ugari izan genituen, baita laudorioak ere».

Bistan da musikari trebeak izateaz gain, elkarrekin ondo moldatu dela hirukotea. «Niamh ezagutu nuenean, elkarrekin lanean hasi eta askotan antzeko ideiak genituela konturatzen ginen. Baita izaeran ere, umorea... oso antzekoa -bidaideez ari da Koteron-. Eta Gavin (Ralston, gitarra jotzailea) fenomeno hutsa da, oso-oso jatorra eta musikari handia, asko laguntzen duena». Izan ere, albokariaren esanetan, «irlandarrak oro har, hiztun onak dira, beraiekin solasean jarduteko aproposak. Lotarako tokietan eta, etxeko ugazabek «istilu politikoez eta abar galdetzen ziguten, nola ikusten genituen gauzak... Beraiek ere badakite-eta zer den hori». Niamhek ere antzekotasun ugari sumatzen ditu euskaldun eta irlandarren artean. «Lehen aipatu dudanez, itsasoarekin dugun lotura estua garbi ikusten da -entzun hobeto- kantuetan, eta kantu zahar horietarako presio handia jasan duten hizkuntza zaharrak erabiltzen ditugu. Gure kantek zapalkuntzaz mintzatzen dira sarri, baina herriarekiko harrotasuna ere agertzen dute, eta gure herri musikak dantzei loturik daude».

Eta orain, Koteronek Euskal Herrira gonbidatu ditu irlandarrak, gurean jo dezaten. «Egiten dugun musika oso zabala da -mintzo da Koteron-. Musikak uztartuko ditugu, batzuetan dituzten ezaugarri komunak ikusteko, eta besteetan zein ezberdinak diren konturatzeko». Uztarketa, «tresna zein musikaren bidez egingo dugu. Astindu eder bat emango diogu folkloreari, oso modu zuzenean eta sofistikaziorik gabe».

Gaur Orozkon hasi eta datorren asteazkenean Bilbon bukatu, birak Lantziego, Gares eta Tolosa izango ditu tarteko helmuga. «Hurbileko zuzenekoak egin nahi ditugu, etxeko sukaldean aurkitu ahal izango zenukeen musika, eta ahal dugun heinean, anplifikazio edo tarteko bozgorailurik gabe -horrela jo zuten Irlandan ere-», azaldu digu Koteronek. «Errepertorioa Irlandan eman genuen berdina izango da, eta orekatua -euskal eta irlandar doinuekin-. Kantu gutxi batzuk nire sorkuntzak dira, beste batzuk folkloretik han eta hemen jasoak... eta bateratuak gehienetan». Bere aldetik, Ni Charrak musikaz besteko asmoak ere badakartza. «Hasteko irrikatzen nago. Jo izan dut zuenean Carlosekin -Nuñez, galiziarra-, baina honakoa intimoagoa izango da. Espero dut jendea ezagutzeko beta hartzea, eta hemengo janaz eta ardo ederraz gozatzea. Baita bertako musikariekin jotzea ere!».

«Albokarekiko nuen jakin-minak eraman ninduen Koteronengana»

Beste kontu askoren artean, euskaraz agurtu gaituen Ni Charrak alboka hartu du ahotan, horretarako, ingelesez. «Ibon (Koteron) gonbidatzeko arrazoia, albokarekiko nuen interesean datza, musika tresna honek ez baitu inolako kide edo parekorik irlandar musikan. Eta alboka, izugarri ondo egokitzen da akordeoiaren soinura». Gogoratu beharra dago, irlandarrak kontzertina jotzen duela, alde bietan botoiak eta hauspoa dituen mihi libreko soinu tresna, akordeoiaren tankerakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo