Asier Biurrun Ajuria Iruñerriko AEK-ko arduraduna
Nik hizkuntza, nik eskubideak?
XXI. mendea eta hizkuntza eskubideen inguruan solastatzen ari gara. Oraindik ere, hizkuntza eskubideen inguruan. Herri gehienak beraien kultura eta ondareak zaintzen ari diren honetan.
Gauza jakina da, gure herriko hizkuntza ez dela salbu Euskal Herriko administrazioek egin dutenarengatik. Administrazio bakoitzak bere ajeak ditu eta nik Nafarroa Garaikoak oso ongi ezagutu eta larrutik jasan behar izaten ditut. Nik eta Nafarroan bizi diren guztiek. Prentsan honen inguruan asko irakurtzeko aukera izan duzue azken egun hauetan. Nik horiek guztiak ez dizkizuet errepikatuko. Gaur dugun hitzordura joateko animatu baino ez dut eginen.
Gaur, larunbata, hitzordu garrantzitsua dugu. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko aukera izanen dugu. Garrantzitsua da oso orain paperean edo karteletan ikusten dugun aldarrikapen hori oihu eta jende oldea bihurtzea. Hamaika lagunen bidez lortutakoa. Iruñeko karrikak aldarriz bete behar ditugu. Aldarriz, kolorez eta alaitasunez. Gobernuari erakutsi behar diogu beraien jokaera arbuiagarria dela eta aldatu behar dutela. Guk hizkuntza politika berri bat nahi dugu, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen hizkuntza politika eredugarri bat. Beraiek hori egin arte, antza, min gehien ematen diena egiten jarraituko dugu: euskara erabiltzen.
Gaur euskara erabiltzeko bertze aitzakia bat izanen dugu. Manifestaziora joan baino lehen eta ondoren, AEK-k antolatu duen karpan parte hartuz. Hamargarren edizioa du AEK-k karpa antolatzen eta aurten testuinguru honetan kokatu du. Beraien txoko honetan geldialdi bat eginen dutelarik manifestaziora joateko. Baina gero, aipatu bezala, min gehien ematen duen tresna erabiltzen jarraituko dute Trinitariosetan. Euskaraz bizitzen jarraituko dute. Euskaraz bizi nahi dugulako, atzo, gaur eta beti.
Lerro hauek bukatu baino lehen, manifestazio honen leloarekin ehuneko ehunean bat egiten duen lagun bat ekarri nahi dut gogora. Bai, Xabi, zu zara. Oraingoan ezin izanen zara gurekin manifestaziora etorri. Lasai egon, gure artean izanen zara eta. Gainera, «Etxera», jakin, zuk ezagutu ez duzun egoera normalizatu horren alde lanean jarraituko dugula eta lortuko dugula!