Adegiren «eraso bortitza» onartuko ez dutela berretsi dute ELA eta LABek
Gipuzkoako 58.000 metalurgialari ingururen eskubideak suntsitzea ez dutela onartuko adierazi zuten atzo ELAko eta LABeko ehunka delegatuk Donostian egindako manifestazioan. Adegik metaleko hitzarmeneko 23 artikulu suntsitzeko duen asmoa «astakeria» dela esan zuten eta negoziazio mahaian duen jarrera aldatzeko exijitu zioten. Horretarako, metal sektorea grebara deitu dute ELAk eta LABek datorren maiatzaren 28rako eta ekainaren 4, 10 eta 11rako.
Amaia ZURUTUZA | LEKUA
ELA eta LAB sindikatuetako ehunka delegatuk manifestazioa egin zuten atzo Donostian Gipuzkoako metaleko lan hitzarmena defendatu eta Adegiren «harrotasuna» salatzeko. Hala, atzoko mobilizazioarekin martxan jarri zuten Adegiri negoziazio mahaian duen jarrera alda dezala exijitzeko bi sindikatuek antolatu duten kanpaina. Hala nola, datozen egunetarako lau greba egun iragarri dituzte Gipuzkoako metal sektorean, hain zuzen, maiatzaren 28an eta ekainaren 4, 10 eta 11n.
Gipuzkoako metalurgialarien lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena berritzeko negoziazioan Adegik aurkeztu dituen proposamenak atzerapausoz josita daudela eta onartezinak direla adierazi dute lehen unetik mahaian ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO eta UGTk.
Manifestazioa hasi aurretik, Alberto Cristobal LAB sindikatuko metal arloko arduradunak «orain arte, aurreko urte guztietan eskuratu ditugun hobekuntza guztiak» errespetatuko dituen hitzarmena negoziatzen has dadila exijitu zion Adegiri. Unai Martinez ELAko metal arloko arduradunak berriz, patronalak «lehiakorrak izateko, eskubiderik ez dela eduki behar» planteatu duela salatu zuen.
Hein honetan, 1994. urtetik 2008. urtera Gipuzkoako metal arloko enpresek inoizko irabazi handienak lortu zituztela nabarmendu zuten. «Gaur egungo egoerak ez du zerikusirik hitzarmenarekin», esan zuen Martinezek, «eta hori Adegik badaki baina egoera ekonomikoa aprobetxatu nahi du langileen soldatak murrizteko», salatu zuen. Izan ere, patronalak soldatak izoztu, lanaldia handitu, eta oro har, gaur egungo hitzarmeneko 23 artikulu suntsitzeko asmoa «astakeria» bat dela adierazi zuen.
Eskubideak defendatu
Zentzu honetan, atzerapausorik ez dutela onartuko berretsi zuten bi sindikatuek, baita 1980ko eta 90eko hamarkadan metalurgialariek eskuratu zituzten eskubideak defendatuko dituztela ere. Martinezen hitzetan, «gure ardura gure eskubideen alde borrokatzea da bere eskubi aldean inor ez duen patronal honen parean».
Era berean, UGT eta CCOO sindikatuekin bilerak egin dituztela azaldu zuen Martinezek eta lau sindikatuek Adegiren jarrera «zuzeneko erasotzat» jotzen dutenez, «greba deialdiekin bat egin dezaten benetako gonbidapena egiten diegu», gaineratu zuen.
Azkenik, langileriak erantzun beharra duela berretsi zuten. Izan ere, egoera ekonomikoak ez duela lan baldintzekin zerikusirik baieztatu zuen Martinezek. «2008. urtean guztiek bat egiten zuten krisia finantza sektoretik, espekulaziotik eta merkatuaren gaineko kontrol gabeziatik zetorrela esaterakoan, eta urte eta erdi geroago ez da krisia sortu zuten lapurrak kontrolatzeko neurririk hartu», kritikatu zuen. Aitzitik, egoera langileak, pentsionistak eta gutxien dutenak ordaintzen ari direla salatu zuen.
UGTk datorren astearterako Gipuzkoako metaleko negoziazio mahaira deitzeko eskatu zion atzo lan gatazketan bitartekari lanak egiten dituen PRECOri. Bilera «Adegiren azken aukera» izango dela adierazi zuen UGTk.
Urteko lanaldian 58 ordu gehiago ezartzea
Soldatak izoztea
Malgutasun orduak 65 ordutik 120 ordura handitzea
Antzinatasuna kentzea
Aldi baterako kontratuetan ABLE bidez kontratatzeko muga kentzea
Sail sindikala eratzeko eskubidea kentzea
Lan orduetan asanbladak egitea debekatzea
Kaleratze objektiboetan, kalte-ordaina gutxitzea
Aparteko nekea, arriskua eta toxikotasuna duten lanetan Lan Agintaritzaren kontrola kentzea
Lan baldintzen eta mugikortasun geografikoaren funtsezko aldaketen artikulua kentzea