NATOk Afganistango herritarrak hiltzen dituela salatzeko martxa, tiroz isilarazia
Gutxienez lagun bat zendu zen atzo Surkh Rod barrutian (Afganistango ekialdean), NATOren erasoek eragindako zibilen heriotza salatzeko milaka herritar egiten ari ziren manifestazioan liskarrak sortu, eta Poliziak tiroz emandako erantzunaren ondorioz.GARA |
Gutxienez lagun bat hil zen atzo Afganistango ekialdean, Surkh Rod barrutian, nazioarteko indarrak biztanleria zibila hiltzen ari direla salatzeko afganistandarrak egiten ari ziren manifestazioan. Barrutiko agintariek esandakoaren arabera, liskarrak sortu ziren manifestarien eta segurtasun indarren artean, eta horiek tiro egin zuten protestan parte hartzen ari zirenen aurka, eta horren ondorioz hildako bat izan zen.
Surkh Rod barrutian -Nangarhar probintzian- zegoen Reuterseko kazetari batek baieztatu egin zuen Poliziak tiro egin zuela manifestarien aurka, hauek Gobernuko eraikinetara harriak jaurtitzen hasi eta gero.
Aipatu kazetariari Haji Jamalek, probintziako kontseiluko buruak, berretsi egin zion protestan parte hartzen ari zen lagun bat hil egin zela.
Aurretik, Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarren (ISAF, ingelesez; NATOren mendeko taldea) operazioaren ondorioz hildako hamaika lagunen gorpuak ikusgai jarri zituzten protesta ekitaldian, eta arduradunei azalpenak eskatu zizkieten.
Operazioa
NATOk onartu egin zuen operazioa egin izana, baina hildakoen artean zibilak dauden berririk ez dutela esan zuten. Hala ere, jasotako informazioa egiaztatzen ari zirela adierazi zuten.
Ali Jan miatuak izan ziren etxeetako baten jabeak azaldu zuenez, helikopteroak entzun zituen lur hartzen, eta «gero tiroak hasi ziren». «Izututa geunden eta ezin genuen kanpora irten», argitu zuen.
«Dozenako soldadu atzerritar zein afganistandarrek hiru etxe miatu zituzten, eta hurrengo goizean ohartu ginen bederatzi lagun hilik eta beste bi desagerturik zeudela», gaineratu zuen gizon afganistandarrak.
Ohar baten bidez, NATOko indarrek onartu egin zuten nazioarteko eta Afganistango tropek operazio bat egin zutela, baina ukatu egin zuten zibilak hil izana. Bertsio ofizialaren arabera, matxinatuak baino ez zituzten hil, tartean ustezko azpikomandante taliban bat.
«Indar konbinatuak Qal'eh-re Allah Nazar herriko aldirietako gune batean sartu ziren, matxinatuak hor jarduten zutela baieztatu ondoren», zioen oharrak. «Informazioaren arabera, operazioaren ondorioz ez zen zibilik kaltetu». Oharrak, halere, ez zuen zehazten ekintza militarrean hildakoen kopurua.
Gauetan, nazioarteko tropek operazio txikiak egiten dituzte, ustez matxinatuekin zerikusia duten etxeetara sartuz. Kabuleko Gobernuak emandako datuen arabera, 170 zibil dira martxoan eta apirilean hildakoak.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak egindakotzat jo zuen Kabuleko Gobernuaren eta talibanen arteko bake hitzarmen bat, emakumeen eskubideak aintzat hartuak izango zirela baieztatzerakoan.