GARA > Idatzia > Kultura

Zer eskaintzen dute euskal museoek interneten zabaldutako web orrietan?

Aukera zabala eskaintzen duten arren, museoetara joateko ohitura hankamotz geratzen ari da azken urteetan eta bisitak egiteko erak ere moldaerak jasan ditu. Lehen, ezinezkoa zen museo batek erakusten zuena sartu aurretik ezagutzea. Orain, ordea, webguneak baliatzen dira etxetik mugitu gabe erakusketetan parte hartzeko. Euskal Herriko «handienen» sarean sartu da GARA.

p040_f02_186x152.jpg

Ariane KAMIO

Asteartean, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan zehar. Kulturaren pertzepzioak eta beraz gozatzeko erak asko aldatu dira, ordea, azken urte hauetan, teknologia berrien aurrerakuntzak direla-eta. Sarean bidaiatu ahal izateak gertukotasuna murriztu eta, kontran, mugikortasuna eta berehalakotasuna bultzatu ditu. Museoetan ere Internet sareak badu zeresana. Orain, museo bakoitzak bere webgunea dauka, zein baino zein garatuagoa, on-line jarduerak eskaini eta unean uneko erakusketak munduko edozein bazterretatik ikusteko aukera ematen duena. Euskal Herriko museo garrantzitsuenek ere bide horren aldeko apustua egin dute.

Guggenheim

Abangoardiaren lehenengo erakusleiho izan zen Euskal Herrian. Frank Gehryk diseinatua, 1997az geroztik Bilboko Nerbioi ibaiaren alboan ehunka bisitari jasotzen ditu urtero. Forma biribilduetara moldatu zituen Gehryk Guggenheimgo kanpoko geruza osatzen duten titaniozko xaflak. www.guggenheim-bilbao.es webguneak abangoardia kutsu berbera mantentzen du, museoaren izaera minimalista oinarri hartuta. Iaz, 2009ko abenduaren 31ra arte, webguneak 958.702 bisitari izan zituen (2008an baino %21,8 gehiago) eta 4.747.380 orri ikusi ziren (2008an baino %13,9 gehiago). Atariko «mapa», zortzi atal nagusitan banatuta dago: Museoa, Bilduma, Programazio Artistikoa, Prestatu Zure Bisita, Museoaren Lagunak, Ikerketa, Kide Korporatiboak eta Prentsa Eremua. Horrez gain, New Yorken, Venezian, Abu Dhabin eta Berlinen dauden Guggenheim museoetarako lotura zuzenak daude. Sarrerak on-line erosteko aukera eta unean uneko erakusketak ikusi ahal izatea dira webguneak dituen abantaila nagusietakoak, bertako bazkideez, bildumaren informazio osoaz eta erakusketez gain antolatzen diren ekintzen berri emateaz gainera.

Artium

Artium Museoa edo Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa Gasteizen dagoen arte garaikideko zentro-museoa da. 2002ko apirilaren 26an inauguratu zen eta eraikinaren jabetza Arabako Foru Aldundiarena da. Eraikinaren diseinuaren egilea Jose Luis Caton arkitektoa da, Arabako Foru Aldundiko Arkitektura Zerbitzuko Proiektu Saileko zuzendaria. Euskal Herriko museoen sarean, www.artium.org ataririk osatuena dela esan daiteke. Izan ere, gainerakoek dituzten eskaintzez gain (bilduma iraunkorrak ikusi ahal izatea, aldian aldiko erakusketen informazioa, ordutegiak, on-line sarrerak...), «e-rakusketak» atalak erakustaretoa etxean bertan izatea ahalbidetzen du. Artiumeko ondarea zabaldu, bere ahalbideak aztertu eta azterketa eta ikerketa errazteko, web orria erakusketa-areto bihurtu dute eta, bertan, euskarri horretan baizik erakutsiko ez diren erakusketak egin ohi dira. Gasteizko museoak antolatutako beste erakusketa batzuetan bezala, e-rakusketak, izenburuaz eta dagokion artelan-sortaz gainera, komisarioak idatzitako testu bat izango du, egindako hautaketaren arrazoiak emanez. Gaur egun, «¿Qué pasa, chati?» eta «Errealitateak eta desira. Surrealismo uzkurtuak» erakusketa birtualak daude ikusgai, Javier Gonzalez de Duranak eta Daniel Castillejok komisariatuak, hurrenez-hurren.

Jorge Oteiza Museoa

Altzuzan (Nafarroa), Jorge Oteizaren bizilekuan eraiki zuten bere izena daraman museoa. Francisco Saenz de Oizak diseinatu zuen, eduki eta edukitzailearen arteko oreka nabarmentze aldera. Oteiza Museoko bildumak 1.690 eskultura, 800 marrazki, klarion laborategian landutako 2.000 azterketa, eta artistaren liburutegi pertsonaleko 5.000 liburu inguru ditu jasota. Horietaz gain, haren hemeroteka zabala eta katalogazio fasean dauden idazlan ugari ere bertan daude.

www.museooteiza.org webguneak Oteizaren biografiatik hasi eta ikerketa gunerako «bidaia» egiten du. Hala, Oteiza Fundazioak eskaintzen dituen beka eta ikastaroen berri zuzena ematen da bertan. Didaktika sailean -Oteizaren bizitzaren oinarrietako bat-, haur eta gazteei zuzendutako ikastaro, programa berezi eta bisita gidatuak kontsulta daitezke. Liburutegia izan daiteke atariko gunerik interesgarrienetakoa, bertan baitaude sareratuta Jorge Oteiza Fundazioak egindako argitalpenak, Oteizaren pentsamendua bera hobeto ulertzen eta berarengan gehiago sakontzen laguntzen dutenak.

Zumalakarregi Museoa

Euskal Herriko historia ezagutuz, denboran atzera egiteko aukera ematen du Ormaiztegiko museo honek. Migel Antonio eta Tomas Zumalakarregiren biografiak eta XIX. mendeko Euskal Herriaren garapena azaltzen ditu, Antzinako Erregimenetik Liberalismorako pasabide bortitz eta korapilatsuaren testuinguruan, hain zuzen Frantziako Iraultzaren eta Bigarren Karlistadaren artean. Iriarte Erdikoa izeneko XVII. mendeko baserrian kokatua da, hantxe bizi izan zen Zumalakarregi familia, horien artean bereziki Tomas Zumalakarregi jeneral karlista eta Miguel Antonio Zumalakarregi politiko liberala.

Zumalakarregi Museoaren web orria Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean txertatuta dago http://zm.gipuzkoakultura.net helbidean. Webgunea, funtsean, Aldundiko beste webguneetarako lotura sarea da, hau da, XIX. mendeko albumera, historia militarrera eta argitalpenetara jauzi egin daiteke, beste askoren artean.

Museoen Nazioarteko Eguneko egitarauak asteburuan abiaraziko dira hainbat tokitan

Museoen Nazioarteko Eguna datorren asteartean, maiatzaren 18an egingo bada ere, Euskal Herriko hainbat tokitan asteburuan abiaraziko dituzte beren egitarauak. Ospakizunak abiarazten lehenengoa Bilboko Guggenheim museoa izan zen atzo, Art After Dark jaialdiarekin. Superpitcher DJ alemaniarra izan zen saioaren buru nazioarteko DJen musika uztartzen zituen ekitaldian. Art After Darken azken-aurreko saio horretan, Albert Moya aktoreak eta publizitate arteko zuzendariak eta Jordi Labanda nazioarteko irudigileak osatu zuten ekitaldiko egitaraua.

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoak etxola bat eraikitzeko ikastaroa eskainiko du gaur arratsaldean. 16.30etik 18.00etara, baserria sortu aurretik garaiko baserritarrak bizi izan zireneko etxolak nola egiten zituzten eta bertan nola bizi ziren jakiteko aukera izango da. Ikastaroan parte hartzeko, igartubeiti@k6gestionkultural.com helbidean edo 943 72 29 78 telefonoan izen ematea beharrezkoa da.

Iruñean, Ziudadelak eta Nafarroako Museoak beren ordutegia zabaldu egingo dute, 18.00etatik gauerdira arte. 23.00etan, ordubeteko bisita gidatu berezi bana egingo dute bi tokietan, museoak ezagutu nahi dituen ororentzat. Asteartean, Museoen Nazioarteko Egunean, beste bisita gidatu berezi bana egingo dute, 19.00etatik aurrera.

Donostian, Museoen Sareak, 100 pasaporte banatuko ditu gaur arratsaldean sarea osatzen duten zortzi museoetara dohainik sartzeko. Pasaporte hori eskuratu nahi duen edonork, Gipuzkoa Plazara joan beharko du 16.00etatik 18.00etara, eta «proba txiki bat» gainditu. Sebastopoleko Titiriteroek kale antzerkia eskainiko dute 18.00etan, toki beretik abiatuta.

Igandean, Ordiziako D´Elikatuz zentroak familiei zuzendutako jarduerak antolatu ditu. 12.00etatik aurrera, Goierri eskualdea ezagutu ahal izango dute, Interpretazio Zentroa bisitatuz, galdera-erantzun joko bat eginez eta puzzle bat osatuz. Egun berean, Hernaniko Chillida-Leku Museoak ateak irekiko ditu, nahi duenak dohainik sartzeko, eta hainbat bisita gidatu antolatu ditu egun osoan zehar. Horietan parte hartzeko egunean bertan izena ematea ezinbestekoa da, partaide kopurua mugatua baita.

Gipuzkoako hiriburuan, Kutxagunea-Zientzia Museoak «Gaia» erakusketara bisita gidatua egingo du, energia-kontsumoaren eta horrek naturan duen eraginaren arteko harremana azaltzeko. Energia eta natura izango dira hizpide bisitaldi horretan. 13.15ean euskaraz egingo dute, eta 17.45ean, gaztelaniaz.

A. K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo